Ermuko Andra Mariren Santutegiaren ondareari buruzko liburua aurkeztu dute

Ermuko Andra Mariren Santutegiaren ondare historiko-artistikoa ikertzeko egindako lanaren emaitza biltzen duen liburua aurkeztu berri dute EHUko Sergio Escribano, Laura Calvo eta Fernando Bartolome irakasleek.

Argitalpenak jasotzen du Laudioko Udalak Ermualde inguruko proiektuaren lehen fasean egindako lana eta tpokiko erakundeak eta Eusko Jaurlaritzak babestuta kaleratu da.

Ermuko Andra Mariren Santutegiaren ondare historiko-artistikoa ikertzeko egindako lanaren emaitza biltzen duen liburua aurkeztu berri dute EHUko Sergio Escribano, Laura Calvo eta Fernando Bartolome irakasleek. Argitalpena Laudioko Udalak Ermualde ingurua balioan jartzeko proiektuaren lehen fasean egindako lanaren emaitza da eta Udalak eta Eusko Jaurlaritzak babestuta kaleratu da.

Liburuak Natxo Urkixo Laudioko alkatearen hitzaurrea dauka eta berak aurkezpenean adierazi bezala “laudioar gehienok badaukagu Ermualderekiko halako lotura berezia, ez dakit zer den, gaztaroan bizi izandakoengatik edo, gure DNAn zerbait daukagu gune horrekiko, egia da hara joaten garenean laudioarrak transformatzen garela". "Liburu honetan inportanteena atzean duen mamia da, informazio honek agian laguntzen digu ulertzen zergatik izaten dugun laudioarrok halako lotura Santa Luzia eta Ermualde osoarekin" gaineratu zuen.

Izan ere azaroaren 21etik aurrera izango da salgai, 5 eurotan, herriko liburu-dendatan, Areta eta Gardeako gizarte etxeetan, turismo bulegoan eta udal liburutegian. Horrez gain herriko ikastetxeei ere banatuko zaie, 500 ale argitaratu dira guztira.

Ikerketa historiko-artistikoa

EHUko irakasle eta Ermualderen ikerketa proiektuaren koordinatzailea den Sergio Escribanok ondare historiko-artistikoaren ikerketak lan dokumentala eta bibliografikoa eremu-ikerketarekin uztartu dituela azpimarratu zuen aurkezpenean, dibulgazio lana sortu nahi izan dutela azpimarratuz.

Liburuak Santutegiaren ondarea lau ataletan aztertzen du: arkitektura, erretaulak, tailu exentuak eta dekorazio arteak. Laura Calvo eta Fernando Bartolome EHUko irakasleek azaldu zituzten atal bakoitzak biltzen dituen elementu aipagarrienak.

Arkitektura

Oraingo Santutegia XV. mendean hasitako eraikuntza da eta izaera honetako hainbatetan bezala XX. mendera arte luzatu egin dira lanak. Eraikuntza nagusia XV. eta XVI. mendetakoa da eta ondoren sakristia eta salako kapera gehitu dira XVII. mendean, Arrosarioko Amaren kapera XVIII.ean eta eliz ataria XVII. eta XX. mendeetan.

Kanpaindorre exentua du, XVI.ean eraikitzen hasitakoa eta XVII.ean zehar osatutakoa. Bitxia da, Italiako elizen modura eraikitakoa delako, eraikin nagusitik guztiz banandutakoa. “Ez dakigu oso ondo zergatik ez zen eraikin nagusiari lotuta eraiki, agian eraikuntza arazoak azaldu ziren” aipatu zuen Laura Calvok aurkezpenean.

Ermualden Santa Luzia eta San Antonio eta Santa Apolonia baselizak kokatzen badira ere, ez dituzte ikerketan barruan sartu.

Erretaulak eta imajinak

Erretaula nagusia eraikitako lehenengoa da, XVI. mendearen bigarren partekoa. Bertoko tailu nagusia berriz gotiko berantiar estilokoa da, XVI. mendeko lehen hamarkadatakoa, eraiki zeneko baino apur bat lehenagokoa, eta jatorri ezezaguna du. Kalitate handiko erliebe ezberdinez osatutako erretaula da, Ama Birjina eta haurra protagonista izanik, ikonografian Jesusen haurtzaroari buruzko gaiak azaltzen dituena.

Gainerako erretaulak barrokoak dira, alboetan kokatutakoak, egun hiru kontserbatzen direlarik. Bi rococo estilokoak dira, estilo berdineko hirugarren bat XX. mendearen hasieran desagertu zen, XVIII. mendekoak dira eta oso irudi titular interesgarriak dituzte, Madrileko Juan Pascual de Mena eskultorea da ustezko egilea.

Ermuko Andra Mariren XIII. mendeko irudi gotikoa erretaula neoklasiko batean kokatuta dago. Gainerako imajina exentuek, seguruenik lehengo erretauletan egondakoak, kokapen ezberdinak dituzte nabean zehar.

Arte dekoratiboak

Santutegiak liturgiarako tresneri pieza oso interesgarriak gorde izan ditu. Egun Arabako Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoak bertoko zilarrezko prozesiorako gurutze bat dauka gordeta, XV. mende amaieran edo XVI.aren hasieran Bilboko Pedro de Garai zilargileak egindakoa, egilearen markak ditu oraindik lanak.

Ikerketak markarik gabeko kaliza gotiko bat eta erretaula neoklasikoaren aldare frontal gisa kokatutako guadamecila, urreztatuta eta polikromatuta dagoen larru-ontzez egindakoa, aipatzen ditu ere.

Urregintza eta eskultura multzo aipagarri guzti horrek debozio handiko tokia izan delaren seinale bezala aurkeztu zuten egileek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide