Erakusketa inauguratuko du IZASKUN ALONSO SARATXAGA artista laudioarrak ostiralean Laudioko Kultur Etxean. Azaroaren 27ra arte egongo da ikusgai, ondorengo ordutegiarekin: astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, larunbatetan 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara eta igandeetan 11:00etatik 14:00etara.
Erakusketa inauguratuko duzu datorren ostiralean Laudioko Kultur Etxean. Zer topatu ahal izango da bertan?
Pintura erakusketa da. Nire ideia da koadroak, paper margotuak, oihalak eta aulkiren bat bertan islatzea.
Nire lanetan lehenengo pausoa koadroa margotzea da. Bertan hausnarketa guztiak egiten dira eta hainbat ideia jaiotzen doaz. Koadroen protagonista nagusiak kolorea eta erreferentzia naturalak dira. Biak nahaztuz abstrakzio bat sortzen da. Egiten den jolasa behin eta berriz errepikatzea posiblea denez, koadrotik ateratzeko aukera ematen digu eta pintura bera azala berezi bat bihurtzen da. Era horretan objetu, pareta zein lorzoru berriak sortzen dira.
Pintura zein baliabide digitalak erabilita lanak sortzeko beste euskarri batzuk erabiltzen ditut. Kasu honetan papera eta oihala ikusiko dira gehienbat.
Laudion estudioa dut, eta bertan lan nahiko dauzkat. Erakusketaren lehenengo helburua lanak kalera ateratzea da. Esan behar da, hau egitea asko kostatzen zaidala. Urte asko bakarkako erakusketak prestatu gabe egon naiz eta lehenengo pausoak beti zailak dira.
“Beste aldetik, erakusketak antolatzeko espazio duinak eskatzeko aukera ona dela uste dut”
Honekin zer esan nahi dudan? Laudio herriak erakusketa gela on bat merezi duela. Ez da posible erakusketak antolatzea, pertsona bat aretoa zaintzeko ez dagoenean. Egileak lanak zaindu behar ditu, kartelak ordaindu, komunikazioa egin…eta nekez lortzen da. Kultura zabaldu nahi badugu, nire ustez laguntza gehiago izan behar ditugu. Laudion sortzaile asko dago eta pena da gehienok izkutuan egitea lana.
Mural egile gisa ere aritzen zara, ez?
La Jirafa Proyectos Artisticos enpresaren barruan landutako arlo bat izan da muralena. Ez naiz inoiz sentitu “muralista”.Eraikin bateko horma batean landutako koadroa da murala. Guk orain arte proposatu duguna ingurunea pinturatik garatzea da. Koloreak espazioa sortzen du.
Ideia honekin, barneko arkitekturan eta hiriko paisaian interbentsio artistikoak sortu ditugu.
Laudion, adibidez, Abastos Plaza eta EPAko eraikineko irudiak egin ditugu. Gureak dira baita Gardeako kiroldegiko irudiak eta San Martin zelaiko diseinua
Margolari gisa soilik aritzen zara edo bestelako arte disziplina batzuk ere garatzen dituzu?
Ni pintorea sentitzen naiz eta unibertsitatean pintura ikasketak egin nituen Arte Ederretan.
La Jirafa enpresa sortzerakoan beste disziplina batzuk ezagutzen joan ginen, lana berak hori eskatzen zuelako: zeramika, serigrafía, mosaikoa… baina gehienbat nik esango nuke diseinu alorra dela bidean topatu dudana.
Nik pinturatik deseinatzen dut eta gero behar dudan teknika bilatzen dut diseinutakoa lortzeko. Askotan nik egiten ditut, eta beste askotan tailerretan egiten dira.
Zaila da arte mundutik bizitzea?
La Jirafa 1998 urtean jaio zen. Gauzak asko aldatu dira urte hauetan. Hasiera batean guk proposatzen genituen lanak ez ziren ezagunak. Gaur egun, berriz, interneten eraginez informazio asko daukagu. Proiektuak eskuz garatzen genituen, gero ordenagailua erabiltzen hasi giñen… beti ikasten egon gara.
“Esfortzu handiko lana da. Benetan maite behar duzu aurrera eramateko”
Ez da lan erraza eta askotan nahiz eta asko lan egin, diru gutxi lortzen da. Urte onak izan ditugu eta beste batzuk ez hain onak, baina bagenekien horrelako lanak sortzeko guk enpresa izan behar genuela.
Hasiera batean dekoratzaile eta arkitektoekin egiten genuen lana, eta guk muralak eta zeramikak egiten genituen gehien bat. Geroxeago, guk nahi genituen lanak proposatzeko erreformako proiektuak egiten hasi ginen eta era horretan espazioa bera diseinatzen genuen. Laudion Araba Kafekoa egin genuen, adibidez. Aldaketa guztia diseinatzeaz gain, muralak, koadroak, aulkiak, mahaiak, biniloak eta seinaleak ere egiten ditugu. Etxeetan, berriz, koloreen aukeraketa egin, paper margotu bereziak landu, alfonbrak diseinatu… halakoak egiten ditugu.
Gaur egun, teknologiak aukera gehiago ireki dizkigu eta horretan nabil.
Orain dela gutxira arte kide batekin egin dut lan, baina bera irakaskuntzan hasi da lan egiten. Nik bakarrik jarraituko dut, beraz.
Esan behar dut nik 2004 urtetik hona Arte Ederretako fakultatean egin izan dudala lan. Irakasle elkartua naiz: Pintura II, Arte eta proiektuak I, Sorkuntza eta Diseinu graduetan irakasten dut. Lan berriak ezagutzeko parada eskaini dit horrek, eta baita jende gaztearekin egoteko aukera ere. Nire ustez, beti ikasten egon behar gara eta haiekin batera egiten dut hori.
Den den, La Jirafak lanean jarraituko du. Web orrialde berria prestatzen gaude eta laster izango dugu. Bertan antolakuntza berria ikusiko da.
Nondik datorkizu artearekiko eta pinturarekiko zaletasuna?
Gaztetatik nekien pintorea izan nahi nuela. Arte ederrak ikasi, eta betidanik koloreekin jolasten egon naiz. Irakaskuntzan aritu nintzen La Jirafa sortu baino lehen. Baina ekiteko gogoak enpresa eratzera bultzatu gintuen. Enpresak egunero edo astero margotzea baimendu dit. Gero, 2004an Arte Ederretan irakasle sartu nintzenetik, ordu gehio ematen ditut estudioan, pintura pertsonala lantzen.
Enpresarekin hasi baino lehen erakusketa batzuk egin nituen, baita sari batzuk irabazi, baina ez nuen bide hori jarraitu. Irakasle izanda, erakusketa kolektiboak egin ditut fakultateko kideekin batera. Orain, adibidez, “ Begia eta begirada” erakusketa dugu Barakaldon ikusgai. Denbora honetan ama izan naiz baita eta lanean jarraitu dut, baina zaila izan da hiru seme alaba txikiekin dena batera aurrera eramatea. Baina nagusitzen ari dira eta horregatik independentzia gehiago izango dut hemendik aurrera erakusketak antolatzeko.
La Jirafan paretak, paperak, oihalak eta koadroak margotu ditut. Enkargupean egiten ditugu lanak. Aurten asko egin ditugu.
Orain lana nik bakarrik egingo dudanez, aldaketa batzuk egongo dira eta pertsonalagoa izango da emaitza.