Laudioko Udalak jakinarazi du kiroldegian hobekuntzak egingo dituztela. Hasteko, gimnasioa lekuz aldatuko dute; ariketa tresnak kafetegira eramango dituzte eta horrela espazio gehiago izango du azpiegiturak. Horretarako lanak egin beharko dituzte eta sukaldea eraitsi.
Bestalde, asteburuko zerbitzuaren esleipen berria prestatzen ari da udala. Izan ere, asteburuko zerbitzua kanpoko enpresa batek ematen du. Gauzak horrela, orain arte astelehenetik igande goizera irekitzen zuten kiroldegia, baina hurrengo urtean igande osoan ere zerbitzua eskaintzeko aukera eman nahi dute.
Horrez gain, uztaileko zerbitzua ere luzatu nahi dute. Berez, kiroldegian lanak egiteko uda baliatzen dutenez, uztailaren hasieran ixten dute, baina aurrerantzean uztailaren 24an egiteko asmoa daukate.