Laudio Igeriketa Klubeko kirolariek aurtengo denboraldia hasi dute. Iragan asteburuan izan zuten lehen proba Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian, Arabako Eskolarteko Txapelketaren baitan, hain zuzen. Guztira, 40 igerilarik hartu zuten parte larunbatean eskolarteko kategorian (2003-2008), eta igandean federatuenean seik(2003tik gorakoak)."Orokorrean oso ondo aritu ziren", adierazi du Iraia Escandon entrenatzaileak. Euskadi eta Espainia mailako marka hautsi edo hobetzea izango dute aurtengo helburu, "baina oraindik ez dira denborak zehaztu".
Ia 100 igerilariko taldea
Aurtengo denboraldian 96 igerilari eta 9 triatleta entrenatuko ditu Laudio Igeriketa Klubak. Hala ere, guztiak ez dira lehiatzen: "Triatleten kasuan, igeriketan hobetzen laguntzen diegu. Bestalde, txapelketetan aritzen diren kirolariak 50 inguru dira". Denboraldi berriari oraintsu heldu badiote ere, Laudioko Eskolarteko Saria noiz izango den aurreratu du: urtarrilaren 28an.