Laudioko Tokiko Gobernu Batzordeak Ellakuriko autokarabana aparkalekua esleitzeko prozedura izango du aztergai azaroan. EH Bilduko Gobernu Taldeak aurkeztu berri ditu proiektuaren garapenean lan eta ondare udal arloek egindako aurrerapenak eta ondorioz, proiektua behin ebatziz gero, baldintza agiriak eta gainerako tramiteak zehazteko bidea aurki zabaltzea espero du.
Landutako proiektuak 91 aparkaleku plaza aurreikusi ditu mendi-magalera egokituta hiru altueratan. Horietatik, lehen errenkadakoek, 14 karabana eta autokarabanetarako aparkalekua osatuko dute.
Proiektuak autokarabana zerbitzuguneek beharrezko dituzten elementuen instalazioa, ura eta elektraindarraren hornidurarako makinak edo beharrezko estolderi sistemaren eraikuntza kasu, aurreikusten ditu. Horrez gain, proiektuak Ellakuriko igerilekuen ingurua hobetzeko lanak ere barne hartuko ditu, instalazioen atzealdera sartzeko bidea asfaltatzea eta argiteria hobetzea aurreikusten duelarik.
315.000 euroko aurrekontua
Aurkeztutako proiektuak 315.000 euroko aurrekontua beharko du. Udalaren 2016. urterako aurrekontuak berriz, 200.000 euroko diru partida zehaztuta dauka xede horretarako eta ondorioz, finantzazioa osatzeko jarraitu beharreko bidea ere aztertu beharko du udalak.
Amets Meazak gobernu taldeko kideak egitasmoa aurkeztean azaldu bezala, iragan 2015eko abenduan Omnia taldearen ekimenez udalbatzak aho batez abiatzea adostu zuen ekimena bideratuko du proiektuak.