Bizipenen bidez, emakume eta kultura ezberdinak lotzeko zubia

Izar Mendiguren Cosgaya 2016ko aza. 3a, 15:30

Zaskaleari eta Etawasol taldeek emakumeen errealitate ezberdinak ezagutzera emateko jardunaldiak antolatu dituzte. Kultuartekotasuna eta feminismoa landuz, Saharako eta Euskal Herriko emakumeen egoera eta bizipenak ari dira lantzen.

Nola bizi dute egunerokoa Euskal Herrian emakume sahararrek? Eta euskaldunek nola ikusten dituzte beste kulturak? Saharako emakumeen borroka, historia, mundu ikuskera eta bizipenak. Horiek eta gehiago ari dira lantzen Laudion, Zaskaleari taldeak eta Etawasol elkarteak antolatu dituzten jardunaldietan.

Zaskaleari eta Etawasol taldeek emakumeen errealitate ezberdinak ezagutzera emateko jardunaldiak antolatu dituzte. Kultuartekotasuna eta feminismoa landuz, Saharako eta Euskal Herriko emakumeen egoera eta bizipenak ari dira lantzen.

Nola bizi dute egunerokoa Euskal Herrian emakume sahararrek? Eta euskaldunek nola ikusten dituzte beste kulturak?
Saharako emakumeen borroka, historia, mundu ikuskera eta bizipenak. Horiek eta gehiago ari dira lantzen Laudion, Zaskaleari taldeak eta Etawasol elkarteak antolatu dituzten jardunaldietan.

Kreatibitateari bide emateko emakumeentzako tailer batetik sortu zen Zaskaleari ekimena, eta belaunaldi eta kultura ezberdinetako emakumeen artean harremanik ez zegoelako otu zitzaien zikloa antolatzea. Espazio publikoetan emakumeak ikustaraztea dute helburu, eta sormena bide.
Hala, Laudion emakume saharar ugari dagoela eta beraiekiko aurreiritzi asko daudela jabetuta, haiengana jo eta jardunaldiak elkarrekin prestatzea erabaki zuten. Emaitza aberatsa ari da izaten, 25 emakume ari baitira bataz beste parte hartzen. Ikasleak, gazteak, jubilatuak, orozkoarrak, aretarrak, laudioarrak... Adin, perfil eta kultura ezberdineko topagune bat sortzea lortu dute. Laudioko Kultur Etxean elkartzen dira ostiraletan 17:30etik 19:30era. Bihar (azaroak 4) izango da hurrengo saioa.

Bizipenak gidari
Bizipenak dituzte gidari. Aurreneko saioan Saharako emakumeen egoera eta haien erreferenteak jorratu zituzten. Bigarrenean, berriz, Laudiora nola heldu ziren eta egunerokoa zelan bizi duten azaldu zuten. Horretarako esperimentu bat proposatu zieten partaideei: talde txikietan malfha jantzita, Mendebaldeko Saharako emakumeen oihala, eguneroko hainbat ekintza xume burutzea. Hala, Euskal Herriko eta Saharako emakumeak elkarrekin ibili ziren kaletik paseatzen, tren ordutegia galdetzen, supermerkatuetan erosketak egiten... “Kaleetan presente dauden begirada eta komentario arrazistak lehen pertsonan sentitu genituen, isiltasuna, deserosotasuna...”. dio Mirók. Une batez, horrela, egunero bizi dutena ezagutzeko aukera izan zutela gehitu dio Fatima El Ghalia Biballa Etawasol elkarteko kideak.

Jendea galdetzera ausartzea gustatuko litzaioke El Ghaliari, “gure kulturaren esanahia erakutsi nahi dugu, tabuekin hautsi”. Horregatik, sortzen diren espazio eta dinamika hauei esker kontzientziazio lana egiten dela uste du, errealitatea bestelakoa dela erakutsiz. “Emakume sahararrak errefuxiatuak gara, ez gara nahi dugulako etorri hona, Francoren diktaduraren eta espainiar zein marokoar gobernuen erruz baizik”.

Lurralde okupatuetako egoera
Lurralde okupatuetako egoeraz galdetuta, gatazka oso gogorra dela dio: “Emakume asko geratu dira familiarik gabe, sendiak desegituratuta daude, zatikatuta; batzuk kanpamenduetan eta beste batzuk seme-alabekin”.

Horri, gerragatik alargun geratu diren familiak gehitu behar zaizkio. Alabaina, emakumeen borroka nabarmendu du, oraintsu hil den Sidmoirena, kasu. “Gizonezkoekin militarrez jantzita gudan joan zen lehen emakumea izan zen, kamioi eta autoen gidaria, eta ama. Jardunaldietan aipatzearekin omenaldia egin nahi genion. Emakume eredugarri asko ditugu Saharan”, erantsi du.

Talka kulturalei aurre eginez
Talka kulturalei aurre egiteko beste hainbat gaiez ere aritu dira: emakume musulmanekiko jendartean dauden uste okerrez, bigarren planoan geratu den Saharako emakumeen historiaz...  

Biharko saioan maitasun erromantikoaz hitz egingo dute haimetatik, sexualitatea eta afektibitatea nola bizi duten eta bertako emakumeen jarrera zein den kontatzeko. Hurrengoan, aldiz, kreatibitatea izango dute ardatz, musika, literatura, dantza...  Zikloari amaiera emateko Saharako janari, edari eta ohiturez mintzatuko dira. Mural bat margotzen bukatuko dituzte abenduan jardunaldiak, saioetako fruituak kreatibitate bidez plazaratu asmoz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide