Atzo eguerdian jokatu zuten Bilbon IV. Itsas Milia. Guggenheim izan zen lasterketaren erdigunea eta Atletismo Laudioko neskek podiumera igotzea lortu zuten.
Izaro Olivaresek, Uxue Gonzalezek, Tania Alonsok, Janire Velascok eta Naroa Carnotak osatu zuten kadete kategoriako taldea eta horiek lehenengo postua eskuratu zuten modu kolektiboan. Hori gutxi balitz, Izaro bigarren izan zen eta Uxue hirugarren.
Laudio Atletismoko gazte taldeak ere podiuma zapaldu zuen. Izan ere, Maider Martin, Besaide Astobiza, Aitana Delgado, Naroa Mendez, Araitz Goitia, Iratxe Salazar eta Ane Aldaituriaga hirugarren sailkatu ziren.