FATIMA EL CHALLA BIDALLA (Sahara mendebaldea, 1976) Etawasol elkarteko kidea da. Zaskaleari ekimenarekin batera Euskal Herriko eta Saharako emakumeak eta kulturak ardatz dituen jardunaldiak antolatu dituzte.
Zeintzuk dira helburuak?
Denok gara emakumeak, kausa berdinak bizi ditugu. Emakume aktiboak gara, bakoitza bere eremuan. Emakume saharauiarraren inguruko ideia oso okerrak ditu jendeak. Programa irailak 30ean hasi genuen, eta abenduaren amaieran bukatuko da. Urrian eta azaroan bi astez egin ditugu saioak. Emakumeen maitasunaz, emakume musulmanekiko jendarteko uste okerrez, emakume saharauiarretaz... hitz egin dugu. Baita emakume saharauiarren borrokaz ere, Mendebaldeko Saharan lehen lerroan borrokatzen ari garelako.
Emakume saharauiarrekiko ideia okerrak daudela diozu. Zeintzuk?
Sidmoi, esaterako, gizonezkoekin militarrez jantzita gudan joan zen lehen emakumea izan zen, kamioi eta autoen gidaria da eta ama. Oraintsu hil da. Horregatik, jardunaldiekin omenaldia egin nahi genion. Emakume eredugarri asko ditugu Saharan.
Emakume Saharauiarren historia bigarren plano batean dago oraindik, ezta?
Bai. Ni okupatutako lurraldeetakoa naiz. Egunerokoan oso zaila da borroka. Gobernu marokoarraren erruz emakume asko familia gabe geratu dira, sendiak desegituratuta daude, batzuk kanpamenduetan daude, zatikatuta, emakumeak seme-alabekin gerarazi dituzte eta. Saharako gerraren erruz alargun geratu gara. Jendeak emakume saharauiarrak hemen gaudela baina gure bihotza han dagoela jakin behar du. Hemen ere, ahal dugunarekin egiten dugu borroka.
Zenbat saio egin dituzue?
Lau. Lehenengoan emakumearen inguruko informazioa eman genuen. Bigarrenean dinamika berezi bat egin genuen. 24 emakume jantzi zuten malhf-a, emakume saharauiarren izenean joan ziren kaleetatik, gu ordezkatzen gaituen oihalarekin. Era honetan jendearen ideiak zeintzuk diren ikusi eta bizi izan zituzten, gure egunerokoa. Gu bereizteko janzten gara horrela bakero edo txamarrekin beharrean. Oihal hau duen herrialde bakarra Sahara da, horregatik gu oso harro gaude eramateaz, Saharako borrokarekiko atxikimendua eta harrotasuna erakusteko modu bat da. Emakume saharauiarren inguruan entzuten denak eta egiak ez dute zerikusirik. Emakume aktiboak ditugu, eta oso pozik gaude saio hauekin. Oso politak dira. Azken egunean mural bat egingo dugu denok batera.
Zenbat lagun ari dira egitasmoan parte hartzen?
24 inguruk. Nahi duen oro etorri daiteke, Kultur Etxean egiten ditugu ostiraletan, 17:30etik 19:30era. Hurrengo saioetan haimaren maitasun erromantikoaz, familia eta maitasun harremanetaz... arituko gara. Hori azaroak 4an izango da. Hilaren 11n Saharako herrialde okupatuetako emakume aktiboez mintzatuko gara, solasaldi irekia izango da, jendeak nahi duena galdetzeko aukera izango du. Proiektu hau emakume guztiei zuzendua dago. Areta, Orozko... adin eta herri ezberdinetako jendea ari da parte hartzen: etxe langileak, ikasleak, gazteak, jubilatuak...
Antolatu duzuen lehen aldia da. Zer nolako balorazioa egiten duzue?
Oso ona. Zaskalearirekin batera antolatu ditugu, haiek proposatu eta guk eskua luzatu genien. Euskal Herriko eta Saharako emakumeak elkartu garen lehen aldia da.
Feminismoa eta kulturartekotasuna sustatzeko dinamika ezberdinak planteatu dituzue. Adibidez?
Dendetan, tabernetan, farmazian... malfharekin sartu ziren Euskal Herriko eta Saharako emakumeak. Egun bakarrean guk egunerokoan sentitzen duguna ikusi zuten. Guk nahi duguna jendeak zergatia galdetzea da, horretaz konturatzea. Gure kulturaren esanahia erakutsi nahi dugu, tabuekin hautsi. Sortzen diren espazio eta dinamika hauei esker kontzientziazio lana egiten dugu, errealitatea bestelakoa badela erakutsi.
Nolakoa da Emakume Saharauiarren errealitatea?
Emakume musulmanak matxismo edo tratu txarrekin lotzeko ohitura dago. Ideia horiekin hautsi nahi dugu guk.
"Emakume saharauiarrak libreak gara, gure askatasunak defendatzen ditugu, eta gure familia eta herriagatik borrokatzen dugu"
Zein da jendarteratu nahi duzuen mezua?
Jendea galdetzera ausartzea. Pentsatu aurretik galdetu dezatela. Emakume saharauiarrak errefuxiatuak gara, ez gara nahi dugulako etorri hona, Francoren diktaduraren eta espainiar zein marokoar gobernuen erruz baizik.
Beste ezer erantsi nahi duzu?
Gora Euskal Herria eta emakume Sahararrak!