"Txistua berebiziko garrantzia izan duen musika tresna da. Euskararekiko lotura handia dauka”

Izar Mendiguren Cosgaya 2016ko urr. 25a, 18:02

ANDONI MURGA SANTXOIERTO (Laudio, 1969) ikerlariak “Txistua hiztun” liburua kaleratu berri du. Aiarako ohitura zein etnografiaren inguruko beste hainbat argitalpen ere eginak ditu.

ANDONI MURGA SANTXOIERTO (Laudio, 1969) ikerlariak “Txistua hiztun” liburua kaleratu berri du. Aiarako ohitura zein etnografiaren inguruko beste hainbat argitalpen ere eginak ditu.

“Txistua hiztun” deitu diozu azken lanari. Zertaz mintzo da?
Musika tresna horren ingurukoa da, txistularien inguruko datuak ditu. Horrez gain, era erraz batean jotzeko pieza batzuk bildu ditut. Era honetan, txistua gogoko duenak bere etxean egin ahalko du saiakera.

Zergatik aukeratu duzu txistua?
Hizkuntzarekin lotura duelako. Albokan sortzen diren abestiek ez dute hitzik erabiltzen. Txistuarekin eta eztarriarekin sortzen diren soinuak niretzako hitzak dira. Kantu bakoitzean hitzak ere jarri ditut, garai batean ez zegoelako partiturarik.

 

"Lehendabiziko kalejirak txistuarekin jotzeko sortu ziren, nahiz eta horietako asko trikitiarekin ere jo. Liburuko kanta guztiak euskaraz dira"



32 orri ditu liburuak. Zertan oinarritu zara abestiak aukeratzean?
Folklore erritmoetan. 3X4 eta 2x4 neurrikoak dira nagusiki. Elizetakoak 4x4koak dira, baina nik nahiago izan dut kalean edo lagunarteko ospakizunetan jotzekoak aukeratu, horiekin osatu dut liburua.

Liburuaren 200 ale atera ditut guztira. Lehen Urduñan eta Amurrion zeuden salgai. Orain Laudion ere badaude ale batzuk; Solaun kioskoan eta Artelan liburu dendan. Artziniegan, berriz, museoan erosi daitezke. Hala ere, Elkar argitaletxera deituta edozein liburu dendetan eskura litezke 10 euroren truke.

Zer eman dio txistuak Euskal Herria edo Aiaraldeari?
Berebiziko garrantzia izan duen musika tresna da. Euskararekiko lotura handia du. Niretzako txistuak jai edo kantu giroa esan nahi du. Txistuak kontzertuetan ere entzuten dira. Betikofolklorea da, baina Euskal Herria osoan presentzia izan duena.

Liburu gehiago ere idatzi dituzu.
Argitaratu nuen lehen liburua “Etnografía en Aiala” izan zen, 2007an. Bertan, Aiarako historia, erlijioa, mitologia, lanbideak, euskalkiak... jaso nituen.

"Publikatu nuen hurrengo liburua euskararen jatorriaren ingurukoa izan zen, Kristo Aurreko 500 urtean sortu baitzen. Okondoko kobazulo bateko kaskezur batetik gizakiaren jatorria aztertzen saiatu nintzen"

 

“Apuntes etnograficos de Aiala” argitalpenean historiaren erreferentziak landu nituen, besteak beste, Aiarako Foruak. Familien sorrera, medikuntza herrikoia, inauteriak, haur eta jolas kantak, ohiturak, sineskerak, mitologia... eskualde mailako perspektibatik ere jorratu ditut.

Orain arte Aiara izan duzu azterketa eremu. Zein bitxikeri topatu duzu bidean?
Beste herrialdeekin konparatuta oso interesgarria da. Leku batetik bestera ezberdintasun asko daude.

Luiaondon, esaterako, Malato zuhaitzak, Gernikako Arbolarekin lotura du. Horrek orduko harreman eta sinesmenen berri ematen digu.
Okondoko kaskezurra topatzean asko poztu nintzen. Hizkuntza biztanleek egiten dute, eta batak bestea sortzea zen nire helburua.

Inauteriak eta mitologia ere ikertu dituzu. Zer du eskualdeak berezi?
Kakarroak, maskarak. Amurrio eta Lantenon, adibidez,  pertsonai propioak dituzte. Amurrion Kakarro Birigarro dago. Mitologiari dagokionez, Iguarrako ere hor dugu,  Menagarain “Belea” eta Urduñan “Iraunsugeak”. Baranbio eta beste toki batzuetako sinesmenak ere jasota ditut.

Aurrera begira baduzu beste proiekturik buruan?
Momentuz ez. Uste dut ondorengoei lekua uzteko momentua dela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide