Urriaren 30ean, igandez, egingo du Laudioko Aldaik oIrristaketa KTk laugarren patin eguna. Lautxirrinka KKren laguntzaz antolatu du ekimena. Prentsa oharrean zabaldu dutenez helburua kirol hori ezagutzera ematea da, baita parte hartzea bultzatzea ere. Horregatik, patinatzaile oro gonbidatu dute hitzordura.
Patinzaleak 11:00etan elkartuko dira Aldai plazan, txikienentzat prestatutako 2 kilometroko ibilaldiari ekiteko. Ondoren, 11:30ak aldera, 10 kilometroko zirkuituari ekingo diote. Aurreratu dutenez bidea zailtasunik gabea izango da. Gainera, Aldaiko taldeko kideak zein bolondresak egongo dira partaideak laguntzen eta ibilbidea kontrolatzen. Izen ematea doakoa da eta Aldain bertan egin beharko da 10:30etik aurrera. Alabaina, Lorena Galnares taldeko kideak gogorarazi du jarduera garatzeko beharrezkoa den babesa eramatea ezinbestekoa dela.
Irristaketa artistiko eta agresiboko erakustaldiak
Zeharkaldia amaitutakoan irristaketarekin lotutako tailer eta jolasen txanda izango da. Ildo beretik, 12:15etan hainbat erakustaldi eogngo dira. Horretarako gonbidatu bereziak izango dituzte. Horien artean daude Ainhoa Galdeano inline bidezko irristaketa artistikoko munduko txapelduna (Master mailan) edo Bilbo Bladers taldekoen irristaketa agresiboko erakustaldia. Horrez gain, Laludioko Lautxirrinka KKk ere erakustaldia eskainiko du.Egunari amaiera emateko sari ezberdinak zozketatuko dituzte.