Laudioko Udaleko Bilduren gobernu taldeak proposatu du ez ezartzea igoerarik 2017. ekitaldirako udal zerga, tasa eta prezio publikoak arautu behar dituzten ordenantza fiskaletan. Hilaren 10ean burututako Ogasun eta Ondare Batzordean aurkeztu zen ideia.
Proposamena behin aurkeztuta, gainerako udal taldeen ekarpenetarako txanda egongo da zabalik, urriaren 19an egin behar den Batzordea bitarte, alegia.
Behin ekarpenak jasota, azaroa hasieran gauzatu behar den Ez Ohiko Udalbatzak izango du aztergai azken proposamena, urtarrilaren 1etik aurrera indarrean izan dadin.
Jon Ander Altube zinegotziak azaldu berri du EH Bilduren proposamenak aurreikusten duela tasen izozketarekin batera ordenantza fiskalek ezarritako arauen eguneraketa eta zuzenketak bideratzea: “ez da 2016aren luzapena izango, ordenantzatan jasotzen diren hainbat baremo zein hobari ere eguneratuko dira”.
“Herritarrek 2016an ordaindutako kopuru berdinak ordainduko dituzte 2017an”, adierazi du Altubek.