Gaur hasi dira lanean Gasteizko, Laudioko eta Guardiako enplegu anezkak, 57 pertsona lanpostua bilatzen trebatzeko helburuaz. Koordinatzaile batek gidatuko du talde bakoitza, eta beren gaitasunak hobetzeko, lan merkatua analizatzeko eta enpresekin harremanetan jartzeko tresnak ipiniko ditu haien eskura. Arabako Foru Aldundiaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak eta Santa Maria la Real fundazioak iragan uztailean lankidetza hitzarmena izenpetu zuten hiru anezka horiek abian ipintzeko eta, horrela, lanik gabe dauden arabarrei beren egoera aldatzeko tresna eraginkor bat eskaintzeko asmoz. Haren finantzaketan Telefónica fundazioak eta Euskadiko Enplegu Zerbitzuak (Lanbide) parte hartzen dute. Ekimen hau, gure lurralde historikoko eskualderik behartsuenetan langabeziaren aurka jarduteko Foru Aldundiak daukan programa bereziaren osagai bat da.
“Enplegu anezkak emaitza onak lortzen ari dira diharduten lekuetan: batez beste % 60ko enplegagarritasun tasa, eta kontratazio egonkortasunaren indizea biztanleria osoarena baino bost puntu handiagoa. Orain, tresna hau Arabako langabetuei eskainiko diegu haren onurak jaso ahal izan ditzaten”, adierazi du Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko diputatuak. Gasteizko, Laudioko eta Guardiako enplegu anezkek lanik gabeko 57 pertsonaren eskura tresnak jarriko dituzte beren gaitasunak hobetzeko, lan merkatua analizatzeko, enpresekin harremanetan ipintzeko eta lana aurkitzen saiatzeko. Guardiakoan, oraindik ere hiru plaza hutsik daude eta interesa dutenek www.lanzaderasdempleo.es webgunearen bitartez eman dezakete izena.
Parte hartuko duten 57 arabarrak lanik gabe daude, 19 eta 59 urte bitarteko adina dute eta askotariko prestakuntza ezaugarriak dituzte (DBH, Lanbide Heziketa, Batxilergoa, unibertsitate ikasketak, etab.). Batzuk beren lehenengo lanaren bila dabiltza eta beste batzuk langabeziatik irteteko ahaleginetan daude, urte batzuetaz zerbitzuak, hezkuntza, arkitektura, nekazaritza, osasuna edo garraioa bezalako arloetan lan eginda. “Programaren lehenengo habea taldea da, eta langabetua bakardadetik eta etsipenetik irteteko ahaleginduko gara. Kasu guztietan, askotariko taldeak dira, parte-hartzaileak elkarren osagarri izateko eta era solidarioan lana aurkitzen elkarri laguntzeko asmoz”, azaldu dute Begoña Guzmanek, Mar Tablaresek eta Carolina Sanchezek, hurrenez hurren Gasteiz, Laudio eta Guardiako anezkak kudeatuko dituzten teknikariek.
Zer egingo dute Anezkan?
Parte-hartzaileak astero egun bat baino gehiagotan bilduko dira, bost hilabetez, udalek utzitako lokaletan, eta hainbat eratako saioak egingo dituzte: coaching eta adimen emozionala, komunikazio dinamikak, marka pertsonala eta lan bilaketa 2.0; elkarrizketa pertsonaletarako trebakuntza; enplegagarritasun mapak egitea, enpresak bisitatzea, ekintzaileekiko bilerak eta lan bitartekaritzako prozesuak giza baliabideen arduradunekin.
Joan Cruz Telefónica fundazioko Erakunde Harremanetarako zuzendariak hauxe azpimarratu du: “Enplegu anezkak argi erakusten digute nola antolatzen diren gizakiak era solidarioan, oso eginkizun argia dutela: lan bilaketan jarrera aldatzea, pertsona bezala eta lanbide aldetik eboluzionatzea, eta lan merkatuan etorkizuneko aukera bat lortzea partaide guztientzat. Eskema horrekin lan egin dute Espainia guztian, emaitza onekin. Arrakasta berme hauekin heldu gara orain Gasteizera eta Arabara”.