Atzo egin zen Gasteizen Kepa Galdos udal langile ohiaren epaiketa. Ekainean atzeratu ondoren, epaitegian elkartu ziren azkenean beharginaren senideak eta udalaren abokatua.
Izan ere, zendutako langilearen emazteak eta seme-alabek egotzi diote udalean egindako lanei Galdosen gaixotasuna. Berez, amiantoak sortu zion mesioteloma bat birikietan eta 2012an hil zen horren ondorioz. Gauzak horrela, 133.806 euroko kalte-ordaina exijitu diote tokiko erakundeari.
Udalak, ordea, argudiatu du beste enpresa batzuetan kutsatu zela Kepa Galdos.
Orain, epailearen esku dago erabakia hartzea. Udal langile ohiaren gertuko pertsonek adierazi dute itxaronaldia luzea izan daitekeela epaia plazaratu arte eta, euren ustez, kasu okerrenean urtebete inguru beharko dute ezagutzeko.