Azkeneko astean argiztapen arazoak gertatzen ari dira Jose Matia kalean. Argirik gabeko gauak, partzialki itzaltzen diren argiak… orokorrean horrelako arazoak errepikatu dira.
Astebete daramate Laudioko Udaleko langileek mantenu elektrikorako enpresako beharginekin batera bilatzen arazoen jatorria. Erakundeko ordezkariek jakinarazi dutenez, konpontzetik hurbil daude.
Laudioko elektrizitate sarea zaharkituta egonda ere, Jose Matia kalean obrekin batera berriztatu zuten. Hala ere, antza, ezbeharrak herriko sarearen egoera dela eta sortzen ari dira. Gobernu taldeak jakinarazi du sare konplexu zaharkituak emandako arazoak hainbat udalerritan gertatzen ari direla, arrazoi berdinak direla eta.
Jose Matiako sare elektrikoarekin batera Izoria kalekoa ere berriztatu zuten. Azkeneko horrek, ordea, ez du arazorik eman.