Olga Artiñano (Laudio, 1968) Laukizeko Gaztedi taldeko sokatira tiratzailea da. Gazteetan hasi zen sokatiran tiratzen Arriskuzubi sokatira taldean baina talde gabe geratu eta Laukizeko taldean hasi zen. Olga, Munduko txapelketan izan da zilarrezko domina eskuratuz 500 kiloko kategorian Euskal Herriko selekzioarekin.
Suedian sokatirako mundialean ibili zara hilabete honetan. Nolako esperientzia izan da zuretzat eta zeintzuk izan dira lorpenak?
Esperientza ona izan da guretzat, mundialetan lortutako emaitzek gure espektatiba guztiak gainditu dituelako. Euskal Herrira bost domina ekarri ditugu baina sei lortu ditugu guztira, bi talde moduan eta gero hiru Euskal Herriko selekzio moduan.
Gogorra izan da, beti ahal dugun guztia tiratzen dugulako eta gainera hemen neska gutxi izanik eta txapelketarik ez dugunez izaten, zailagoa egiten zaigu.
Mundu osoko selekzio ezberdinekin egon zarete lehiatzen. Zein da munduan dagoen sokatira maila?
Esan dudan bezala neska gutxi gaude eta denetan tiratzen. Talde askok parte hartu dute ere mundialetan baina maila aldetik, sokatira klubak gure mailakoak izaten dira. Hala ere, selekzioen maila nazioarteko txapelketan ezberdina izaten da. Kirolariek indarrak gordetzen dituzte lehiaketarako eta nazioen arteko txapelketetan onenak izaten dira sokatiran.
Emakumezkoetan zilarrezko domina eskuratu zenuten Euskal Herriko selekzio moduan. Nola bizi izan zenuten?
Kriston poza sentitu genuen, guretzat urrezko domina lortzearen antzekoa izan zen, zeren hamaika naziok hartu zuten parte eta asko tiratu behar izan genuen. Ibilbide luzea egin genuen eta azkenean txinatarrek irabazi zuten.
Aurreko urtean Europako txapelketa irabaztetik gentozen baina azkenean ezin izan genuen munduko txapelketan urrezko domina ekarri.
Aldaketa bat ere izan zenuten, normalean gomaren gainean tiratzen duzue baina munduko txapelketa lurraren gainean tiratu zenuten.
Normalean, gehienok goma eta lurra egiten ditugu urtean zehar, baina hemen goma gainean tiratzen duten talde gehiago dago eta denboraldia laburragoa izaten da. Hori dela eta, jendeak goman tiratzea nahiago du, lurran tiratzea gogorragoa izaten baita eta udan izaten dira tiraldiak, prestaketa lanak udan egiteak dauzakan arazoekin.
Gizonezkoen, emakumezkoen eta talde mistoek hartu zuten parte. Hala ere zein da gaur egun emakumezkoen egoera sokatiran?
Desberdintasunak badira, baina hemen ez dira asko nabaritzen. Gure taldean ez dago ezberdintasunik, haiekin entrenatzen baitugu era berean, azken finean prestaketa lan berdinak egiten ditugu. Gero kanpora begira, beste nazioetan ezberdintasun gehiago egoten dira.
Aurrekoan emakumezko eta gizonezko taldeak aldendurik daudela ikusteko aukera izan genuen baina hemen behintzat alde horretatik ez dago desberdintasunik. Neskak ere ez gara asko baina berdin egiten dugu lan.
Zure taldean zein izaten da egunerokotasuna, entrenamenduak, etab.?
Urtarrila edo otsailan hasten gara lanean, aurredenboraldian zehar prestaketa fisikoa lantzen eta pixkanaka soka hartzen joaten gara, eskuak ohitzen joateko. Hasieran hiru aldiz entrenatzen dugu baina martxoa aldera lau egunetara pasatzen gara. Normalean maiatzean gizonezkoen euskadiko txapelketa hasten da, guk ez dugu txapelketarik, eta haiekin bat aritzen garenez martxoan gogorrago lan egiten dugu.
Euskadiko txapelketa pasatzean, uda partean, lan gutxiago izaten dugu, sokarekin lanean jarraituz, korrika apur bat eginez eta pisua mantenduz.
Pisuaren aldetik asko argaldu behar izaten dugu, sokatira txapelketak pisuaren araberakoak izaten baitira. Gogorrena izan ohi da hori, askotan ibiltzen garelako pisua aldatzen eta pisua galtzearekin bat, tiratzeko indarra mantentzea oso zaila izaten baita.
Horretarako dieta asko zaintzen dugu eta horrekin bat korrika egiteak asko laguntzen digu nahi dugun pisua lortzeko.
Munduko txapelketa behin amaituta, zeintzuk dira hurrengo erronkak?
Hamabost egun izango ditugu atseden hartzeko eta gero, urrian, goma gaineko txapelketa hasiko gara prestatzen.
Guretzat dominak kendu, kajoian gorde eta berriro hastea bezala izango da. Aurtengoan ez dago goma gaineko munduko ezta Europako txapelketarik baina datorren urtean Europako lur gaineko sokatira txapelketa izango da Ingalaterran eta horretan pentsatzen hasiko gara, gure helburuetako bat baita.