Gaur goizean “Paperezko ahotsak” pelikula estreinatu du Esti Urresola zuzendari laudioarrak Donostiako Zinemaldian. 10:00ak aldera egin du eta EITBko zein jaialdiko ordezkariak aritu dira berarekin.
Zinemagileak eskertu die bereziki Eresoinka abesbatzako -Jose Antonio Agirrek sustatutako taldea- bi kideei euren lekukoa ematea, izan ere, 100 eta 97 urte dituzte dagoeneko.
Esti Urresolaren filmak ireki du Jose Antonio Agirreri buruzko jardunaldia, gaur eskainiko baitituzte Lehendakariari buruz egindako dokumental sorta. Agintaria ez ezik, mugimendua eta artea dauka hizpide filmak.
Xabi Basterra musikari laudioarra estreinaldian egon da eta oso polita dela nabarmendu du. “Nabaritzen da Estik jarri dion maitasuna”, ziurtatu du artistak.
Estreinaldia ETB2n
Publikoaren txaloak negarrez jaso ostean, Esti Urresolak gogoratu du ETB2an pelikula ikusteko aukera egongo dela urriaren 8an.