Musika bandak urteak daramatza laguntza ekonomiko handiagoa eta hirigunean kokatutako lokala behar zuela aldarrikatzen, orain arte Gardea auzoko eskolan izan dira, horrek dakartzan joan-etorri eta material desplazamendu guztiekin.
Udalarekin izandako hainbat bilera eta gero, irailetik aurrera bandaren lokala Zubiko Etxean kokatzea adostu dute. Laster hastekoa den inguruko parkearen urbanizazioaz gain, Zubiko Etxean bertan ere hobekuntza batzuk egin ditu Udalak: alarma jarri, kaldera aldatu, e.a.
Musika bandak Zubiko Etxearen espazio gehiena hartuko du, baina bertan dagoen sukaldea sukaldaritza ikastaroentzat erabilgarri jarraituko du eta hainbat areto sari banaketak egiteko hartuko dira.
Behin-behineko kokapena
San Roke musika elkartearen kokapen hau behin-behinekoa da, izan ere etorkizunean Zubiko Etxean udal liburutegia kokatzea aurreikusita dago eta aurrekontuetan horretarako proiektua idazteko partida dago.
Udal arduradunen esanetan, elkartearen eskakizun ekonomikoak ere aurrekontu berriarekin bete dira. Izan ere, kultura, gizarte eta kirol elkarteentzako diru laguntza %15 handiagoa ekarriko dute kontu berriek.