"Txakurrak Arabako Artzain Txakurren Txapelketaren finalean lekua ziurtatuta dauka, baina ez jabeak"

Erredakzioa 2016ko abu. 18a, 20:05

FIDEL ALONSO (Areta, 1973) Arabako Artzain Txakurren Txapelketako garailea izan da eta aukera profitatu du aiaraldea.eus-ek elkarrizketa egiteko.

Arabako Artzain Txakur Txapelketaren irabazlea izan zara aste honetan, lehen aldia da?

Ez, 2007an beste txakur batekin irabazi nuen, duela urte asko ari bainaiz borroka horretan. Hala ere, iaz bigarren postua lortu nuen Arabako, Euskal Herriko eta Nazioarteko txapelketetan. Eta aurten zorte ona izan dut.

Orduan zure helburua txapelketa guztiak irabaztea da?

FIDEL ALONSO (Areta, 1973) Arabako Artzain Txakurren Txapelketako garailea izan da eta aukera profitatu du aiaraldea.eus-ek elkarrizketa egiteko.

Arabako Artzain Txakur Txapelketaren irabazlea izan zara aste honetan, lehen aldia da?

Ez, 2007an beste txakur batekin irabazi nuen, duela urte asko ari bainaiz borroka horretan. Hala ere, iaz bigarren postua lortu nuen Arabako, Euskal Herriko eta Nazioarteko txapelketetan. Eta aurten zorte ona izan dut.

Orduan zure helburua txapelketa guztiak irabaztea da?

Bai, ea hiru handiak irabazten ditudan. Dena den, hau jokoa da eta baldintza asko bete behar dira. Hala ere, ea zortearekin eta froga txukunak egiten garaipena lortu dezakedan. Edozein kasutan, aurkariak ere hor daude.

Zer egin behar da lehiaketa horietan parte hartzeko?

Printzipioz, gu elkarte batean gaude, Araten, eta artzain txakurra daukan edonork, berdin artilezkoa edo gorria izan, parte hartzeko aukera dauka.

Lehen, duela urte batzuk -12 edo 15 inguru- txakur ugari zegoen Araban zein Aiaran eta hautaketak egin behar zituzten.

Proba batean parte hartuz gero eta puntuaketa ona lortu ostean finalean sartzen zinen.

 

“Orain txakur gutxiago dagoenez -aurten 6 besterik ez gara egon- errazagoa da sailkatzea”.

 

Esan bezala, txakurra euskal artzaina bada -artilezkoa edo gorria-, ez dago inolako zailtasunik parte hartzeko.

Zein izan da zure sekretua txapelketa eskuratzeko?

Nire kasuan, artzaina naiz eta egun osoan txakurrekin lan egiten dut. Egia da txapelketako probak apur bat ezberdinak direla eguneko lanarekin alderatuta, baina abereekin lan egiten dute.

Txapelketa heldu baino hilabete lehenago txipa aldatu behar zaio txakurrari; ikurrekin aritu behar da eta diziplina gehiago behar du.

Txapelketen funtzionamendua ezagutzen ez duenari nola azalduko diozu?

Erreferentzia izan dezaten, lehen, txakur gehiagok parte hartzen zutenean, hiru ataletan banatzen zen eta lehenengoa gainditu ezean, kaleratzen ziren lehiakideak.

Lehenengoa probak obedientzia lantzen du: txakurrak ikurren arteko ibilbidea bete behar zuen eta ibilbidea betetzen ez zuenean, zigorra zegoen.

Bigarren proban artaldea artzainaren oinetara eraman behar du txakurrak. Gero, jabeak agintzen duen leku batean utzi behar du.

Azkenengo proban txakurrak artaldea sartu behar du korralean.

Garai horretan batzuk nabarmendu zuten zenbait txakur ez zirela bereziki trebeak ikurren proban, baina ondo egiten zutela lan abereekin. Proba horretan kanporatzen zituztenez, ez zuten ardiekin lanik egiten.

Egun, txakurrak baloratzeko modua beste modu batean egiten da eta ikurren ibilbidea egin eta gero ardiekin lan egiten uzten zaie.

 

“Artzain txakurrak goraipatzeko egiten dira txapelketak eta ez da bidezkoa txakurrak ardiekin ez lehiatzea”.

 

Horrela, guztiak hartzen dira aintzat eta puntuazioak eta zigorrak erabiltzen dira.

Nola hasi zinen txakurren txapelketetan?

Nik dagoeneko 43 urte ditut eta aspaldi zaletasun handia zegoen. Aretan artzain txakurren txapelketak egiten ziren eta Muguruza, Lekandazar eta jende asko aritzen zen.

Nik 18 urte egin ditut esparru horretan eta egia esanda, asko ikusten zelako hasi nintzen.

Gainera, orain ardiak ditugu eta txapelketak gogoko izan edo ez, txakurrak behar dituzu.

 

"Nire kasuan gustuko dut eta txakurra behar dut ardurak betetzeko".


Lehiatzeko gogoak sortzen zaizkizu.

Nola lortu duzu daukazun txakurra?

Denbora luzea eman dut horretan eta aspaldiko artzainei eskatzen nien kume bat. Horrela ikusten duzu zeintzuk diren bereziki trebeak ardiekin. Izan ere, ezberdindu behar da ardiekin lan egiten duten txakurrak eta behi edo zaldiekin egiten dutenak.

Ardiekin egoteko malguagoak izan behar dira eta behiekin daudenak gogorragoak dira.

Mantsoagoak izan behar dira, ezin baitituzte ardiak eraso.

 

“Hori guztia genetika da. Ikusi behar dituzu besteen txakurrak nola mugitzen eta portatzen diren. Hartu behar dituzu hemendik eta hortik eta osatu behar dituzu”.

 

Batzuetan ez duzu lortzen, ez da matematikoa. Nahasten dituzu txakur onak eta gero kumeak ez dira horrelakoak, baina ez baduzu horrela egiten ez duzu ezer lortzen.

Berez, horretarako asko mugitu naiz Gipuzkoan eta Bizkaian. Txakurrak leku batetik bestera eraman ditut, emeak eta arrak. Nik daukadan txakurra nire kabuz lortu dut; gogoko izan ditudan txakurrak hautatu ditut eta nire etxean jaio dira.

Zer nolako harremana daukazu txakurrarekin?

Oro har, txakur bat daukan pertsonak maite du. Laudion jende askok dauka nik emandako txakurren bat eta, nahiz eta etxea izan, oso pozik daude. Oso politak eta maitekorrak dira; lagun onak, finean.

Nire kasuan, txakur bat nirekin bizi da, Suit, alegia.

 

“Nirekin esnatzen da, mendira etortzen da... beti dago nirekin autoan. Batzuetan, lan gehiago izanez gero, beste txakur bat ateratzen dut”.



Txakurrak eguneko 24 orduak nirekin ematen ditu, nire zati bat da.

Jende askok dauka zuk hazitako txakurren bat?

Iazko Gipuzkoako Txapelduna, Jose Mari Bengoarena, nire etxean hazi zen. Nik hazitako txakur ugari dago txapelketetan parte hartzen. Jendea oso pozik dago, gainera.

Polita da hori egitea?

Bai, kumeak jaiotzen direnean polita da. Gero zaila da pertsona bakoitzari nahi duena ematea.

Bakoitzari galdetzen diot zer nahi duen eta horren arabera hautatzen ditut.

 

Nik gutxi gorabehera badakit nolakoak izango diren; muturra ilunagoa edo argiagoa badaukate nik iragartzen dut erasokorragoak izango diren edo lasaiagoak".

 

Emango dizkieten arduren arabera hautatzen laguntzen ditut.

Horrekin bakarrik jakin dezakezu?

Bai, oro har ez dut kale egiten. Suit, orain daukadan txakurraren kasua da, adibidez. Bere aita Okondotik ekarri nuen. Duela urte asko ikusi nuen eta baserri batean zegoen kateatuta. Jabeari galdetu nion nola zuen horren txakur ona lotuta eta saiatu nintzen erosten.

Jabeak esan zidan oso txakur gogorra eta erasokorra zela, baina niri izugarri gustatzen zitzaidan.

Hiru urte igaro ziren eta txakurrak jarraitzen zuen kateari lotuta. Azkenean jabeak oparitu zidan.

 

“Txakur horrek sekulako kalitatea eman die nire animaliei. Inork ez zuen apusturik egiten bere alde eta nik egin nuen”.

 

Ez dakit zortea izan zen edo sen berezia, baina horrela izan da, txakur aparta izan baita.

Eta txakurraren izena nola bururatu zitzaizun?

Suit. Alaba eta semea dauzkadanez, eurek jartzen diete txakurrei izena; Oker, Bat, Hiru... eta honi izen berezia jarri zioten; Suit. David gnomoaren azeria bezala bataiatu zuten, gorria eta handia baitzen. Izen guztiek esanahairen bat daukate.

Suit ikusteko hurrengo aukera zein izango da?

Baserritar Egunean, ostiralean, abuztuaren 26an, arratsaldez Latiorron egingo dugu erakustaldia 18:00etatik aurrera. Kataluniako gazte bat etorriko da eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako txapeldunak.

Gorobelen ere arituko gara sanbitoresetan, irailaren lehenengo larunbatean.

Horrez gain, Euskal Herriko Txapelketan egongo gara irailaren 17an eta Nazioarteko Txapelketan ere Oñatin irailaren 25ean.

 

“Arabako hurrengo finalean ere egongo da Suit, txapelduna izan delako aurten. Txakurra, baina ez jabea. Txakurra saldu dezakezu edo beste pertsona bat joan berarekin, txakurrak soilik dauka lekua ziurtatuta”.

 

Adibidez, orain ondoezik egongo banintz nire semeak parte har dezake txapelketetan. Aldiz, txakurra gaixorik jarriko balitz ni ezingo nintzateke beste batekin lehiatu.Bitxia da, baina horrelakoak dira arauak.

Adibidez, duela urte asko Furundarena -Amurriokoa- txapelduna izan zen txapelduna. Tamalez, istripua izan zuen eta hil zen. Hurrengo urtean bere anaia lehiatu zen txakurrarekin eta irabazi zuen berriro.

Zein da mundu horren egoera?

Duela urte batzuk txakurren erakustaldiek beherakada izan zuten. Ez dakit oso eroso bilakatu garen, baina duela bost urte  nabaritzen ari gara jendeak berriro interesa duela honetan.

Are gehiago, orain euskal artzain txakur erakustaldiak egiten ditugu eta, bide batez, gazta eta txakolina dastatzeko parada ematen dugu. Jendeari eskertzeko eta giroa beroagoa izan dadin, hitz egiteko...

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide