Ostegunean jazo zen gertakaria Aretako Gallarreko parkean. Txakur batek bertan utzitako janaria hartu zuen eta, nahigabe, iltzea irentsi zuen. Jabeak zerbait arraroa sumatu bazuen ere, ez zion garrantzirik eman eta paseoarekin jarraitu zuen.
Larunbat arratsaldean berriro atera zuten txakurra eta botaka egin zuen, odola, alegia. Horren ostean, animalia lurrean etzan zen, ez baitzen gai mugitzeko. Jabeak albaitariarengana eraman zuen.
Txakurrak emaitzarik gabeko zenbait froga bete ostean, erradiografia egin zioten eta sabelean iltzea zuela ikusi zuten. Hurrengo egunean endoskopia praktikatu zioten, baina ezinezkoa izan zen iltzea ateratzea. Ondorioz, ebakuntza egin zioten eta orain osatzen ari da apurka-apurka.
Salaketa
Jabeak salaketa jarri du Laudioko Ertzain Etxean. Ingurutan horrelako kasu gehiago eman dira. 2014an Laudioko Zubiko Etxeko parkean ustez txakur bat pozoitu zuten eta aurretik antzeko kasua ere salatu zuten.