Zein da Laudioko Jaien unerik gogokoena zuretzat?

Erredakzioa 2016ko abu. 14a, 12:30

Kultura eta kirol munduko lau laudioarrengana jo dugu, Laudioko Jaietatik gogokoen zein egun duten jakiteko. Hona hemen euren erantzunak:

Kultura eta kirol munduko lau laudioarrengana jo dugu, Laudioko Jaietatik gogokoen zein egun duten jakiteko. Hona hemen euren erantzunak:

TXANI RODRIGUEZ (Idazlea)

Gustuko dut nik Baserritarraren Eguna. Merkatuan zerbait erosi, txakolin bat edan gazta puxka batekin... eta gero, aukera badago, bazkaria lagunekin. Gustatzen zait erromeriaren musika entzutea, sortzen den giroa... Baratzetako produktu asko sasoian daude eta ikusgarria iruditzen zait merkatuak eskaintzen duen "bodegoia".
 
Jai guztiak antzekoak dira, neurri batean. Horregatik, edonongo singulartasunak azpimarratzen dituztenek erakartzen naute.

KEPA SOJO (Zinemagilea)

 
Niri asko gustatzen zait baserritar eguna. Giro polita dago Laudion egun horretan. Normalean koadrilarekin bazkari bat egiten dugu, poteo ostean. Loquillok jo zuen urtea oroitzen dut bereziki. Azken txanpako eguna da, eta giro ona nabari da. Hala ere, gogoko ditut baita Txupinazoa, Kofradiaren Eguna edota Odoste Eguna.

GERAXANE USSIA (Atleta)

 
Niretzat Laudioko Jaien egun gogokoena Koadrilen Eguna da. Herriko gazteak elkartzen gara eta giro atsegina ikusten da bazkarian baita gero egiten diren jokuetan ere. Horietan parte hartzea gogoko dut. Egun polita izaten da.

Era berean, beste egunetan egiten diren ekintzetan parte hartzea ere gustatzen zait; hala nola, batukadan, karaokean, euskal dantzetan, kirol jolasetan, gustoko ditudan kontzertuak, txosnak...

IÑAKI MOSKOSO (Pirulo Txou-ko kidea)

 
Niretzat, txikitatik, Txupinazo Eguna izan da Laudioko Jaietako egun bereziena. Lehen eguna denez urduritasunez eta gogo handiz hartu izan dut betidanik.
 
Laudion gaueko giroaz disfrutatzeko aukera gehiago badaukagu urtean zehar, baina Txupinazo Egunean lortzen den eguerdiko eta arratsaldeko giroa ederra da. Laudio benetako jai giroaz eta jendez beterik ikustea asko gustatzen zait. Bisitari asko daude eta "laudiaspora" bueltatzen da.
 
Beste momentu berezi batzuk Laudioko Jaietan, antolatzaile edota parte hartzaile moduan lortu ditut: Zoroak, Pirula Irratia, Pirulo Txou, Made in Laudio... Gehienetan, Berakatz Eguna aukeratu dugu gauzak egiteko, laudioarrentzako egun bat bezala ikusten dugulako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide