“Lankaietako Lagunen 40 urteko ibilbidearen zertzelada batzuk eskainiko ditugu pregoian”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko abu. 14a, 09:00

Lankaietako Lagunak taldeko kidea da KOLDO ZABALA ATXA (Laudio, 1966). Txistulari talde hori izango da Laudioko Jaietako pregoilaria aurten.

Nola jaso zenuten pregoilari izateko proposamena? Zer nolako harrera izan du izendapenak taldeko kideen artean?

Lankaietako Lagunak taldeko kidea da KOLDO ZABALA ATXA (Laudio, 1966). Txistulari talde hori izango da Laudioko Jaietako pregoilaria aurten.

Nola jaso zenuten pregoilari izateko proposamena? Zer nolako harrera izan du izendapenak taldeko kideen artean?

Deia jaso genuen kultura eta jai zinegotziaren partetik. Berak esan zigun aurten pregoilariak gu izatea proposatu zutela. Taldean poz handiz hartu genuen ideia. Ezustea izan zen, baina ezuste pozgarria, zalantza gabe. Aurten 40 urte betetzen dira Lankaietako Lagunak taldea sortu zenetik, 1976ko urtarrilean jaio baitzen. Hori dela eta, eskertu egin behar diogu udalari urte hauetan guztietan txistulari taldeak izandako ibilbidea kontuan hartu izana.

 

“Horrela ulertu dugu izendapena: 40 urteetan zehar eginiko bidearen errekonozimendu gisa”

 

Lankaietako Lagunek harreman estua duzue San Roke Jaiekin.

Bai, urte osoan ekitaldi askotan hartzen dugu parte: kalejiretan eta bestelako ekimenetan. Jaietan parte hartze handia izaten dugu. 15ean bertan kalejira egiten dugu, txupinazo ostean. Ondorengo egunetan ere kalejirak egiten ditugu goizean, eta arratsalde askotan ere erraldoi eta buruhandiei laguntzen aritzen gara, eurekin batera arratsaldeko ekitaldia eginez. Ia-ia egunero jotzen dugu, 5-7 okasio ingurutan ateratzen gara jaietan. Egun bereziak dira guretzat, zalantza gabe, jaiaren parte sentitzen garelako, jaietan parte hartzen dugun neurrian.

40 urtetan zertan aldatu al da jaietan parte hartzeko duzuen modua? Bilakaerarik jazo da?

Jaiak aldatu egin dira 40 urte hauetan. Ni agian ez naiz pertsona egokiena bilakaera hori azaltzeko, 40 urteko ibilbide horren zati bat baino ez baitut bizi izan, ez bainago taldearen sorreratik. Baina imajinatzen dut jaiak aldatu diren neurrian aldatu egin dela ere bertan parte hartzeko modua. Dena dela, antzeko kontua da beti, azken finean.

 

“Txistularion zeregina jaietan (ez soilik Laudiokoetan) bada herria eta herritarrak itzartzea”

 

Alboradarekin batera irteten gara goizean eta hasiera ematen diogu jai-egun berriari.

Bestetik, buruhandi eta erraldoiekin egiten dugun kalejira dago. Aurten gainera Galtzagorri taldekoak (erraldoi eta buruhandiak kudeatzearen arduradunak) izango dira txupineroak. Azken urteetan bai ikusi izan dudala kalejira hori hobera joan dela. Gure herrian oso sustraitua dagoen ekintza dela ikusi daiteke, eta urterik urtera handiagoa da duen parte hartzea. Nabari da oso ekitaldi preziatua dela herritarren artean.

Nolakoa izango da pregoia?

Zenbait ideia landu ditugu pregoiari begira. Ez da kontu erraza 40 urteko ibilbidea lerro bakan batzuetan laburbiltzea. Batetik, txistulari izatea zer den islatu nahi dugu idazkian: gure kulturaren beste adar bat da txistua, ez musika tresna soila. Lankaietako Lagunen historiaren zertzelada batzuk ere azalduko ditugu eta, zalantza gabe, txistua jotzeko erabiliko dugu pregoiaren irakurketaren zati handi bat.

Pregoian azalduko dugu baita gure taldea Laudiori lotua egon dela betidanik, baina hemendik kanpo ere sarritan aritu izan garela jotzen, Euskal Herriko txoko askotan, txistu doinuak beste talde batzuekin batera zabalduaz.

[video:https://vimeo.com/173761568]

Aurtengo jaiak bereziak izango dira zuentzat, ez?

Guretzat bereziak izango dira, zalantza gabe, jokatuko dugun paper horregatik. Pregoilari izateak mugarri bat ezarri du Lankaietako Lagunen ibilbidean, ohore bat baita. Hori ere islatuko dugu ekitaldian.

40 urteurrenari begira beste zer edo zer antolatzeko asmoa duzue?

Ez, ez dugu ezer berezirik prestatu. Urtero egiten ditugu ekitaldiak egiten jarraituko dugu. Ez dugu aparteko ezer pentsatu, guretzat jada apartekoa izan baita pregoilariak izatea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide