"Presook ez ditugu gure bizitza eta proiektu pertsonalak eteten"

Erredakzioa 2016ko abu. 9a, 13:26

ELENA BELOKI (Areta, 1961) bere gaztaroa eskualdean eman ostean, Gipuzkoan bizi izan da harik eta 18/98 sumarioa dela eta espetxeratu zuten arte. Asteburuan atera zen kartzelatik.

Zergatik espetxeratu zintuen estatu espainiarrak?

18/98 sumarioaren ondorioz. 1998an hasi zen guztia. Hasi ziren atxilotzen lagun batzuk, zenbait enpresa bultzatzen zituztelako.

ELENA BELOKI (Areta, 1961) bere gaztaroa eskualdean eman ostean, Gipuzkoan bizi izan da harik eta 18/98 sumarioa dela eta espetxeratu zuten arte. Asteburuan atera zen kartzelatik.

Zergatik espetxeratu zintuen estatu espainiarrak?

18/98 sumarioaren ondorioz. 1998an hasi zen guztia. Hasi ziren atxilotzen lagun batzuk, zenbait enpresa bultzatzen zituztelako.

Gero Egin egunkariaren aurkako operazioa izan zen eta apurka-apurka joan ziren jende gehiago atxilotzen.

Horretarako Garzonek erabili zuen "inguruaren" teoria eta horren barruan nazioartean lanean ari ginen batzuk atxilotu gintuzten. 1998ko (Lizarra-Garazi) bake prozesuaren ostean, alegia.

Bukatu zen prozesua eta hasi ziren atxiloketak. Orduan atxilotu gintuzten.

 

"Lehenik eta behin, 7 hilabetez egon nintzen modu prebentiboan. Gero 2007ko azaroan atxilotu gintuzten berriro 18/98 sumarioko kideok eta beste 7 hilabete egon nintzen kartzelan eta, azkenik, 2009tik aurrera zigor osoa bete nuen".

 

Hori bai, beti sumario beraren ondorioz.

Zenbat espetxetan egon zara?

Azken espetxealdian, 2009tik aurrera, kartzela berean egon naiz; Villenan, Alicanten, baina aurreko espetxealdietan 6 kartzelatan egon naiz.

Espetxealdia eten zenuen ama izateko eskubidea gauzatzeko eta horrek polemika eta gatazka sortu zuen fiskaltzan eta hainbat hedabideetan, ezta?

Hasteko, esan behar dut preso gaudenok, nahiz eta barruan egon, ez dugula gure bizitza eteten. Ondorioz, hor daude norberak dituen proiektu pertsonalak. Proiektu horien barruan, nire kasuan, umea izatearena gertatu da.

Egia esanda, hori izan zen nire kasua eta beste kide batzuen kasua. Gizonezkoak direnean ez da hain ikusgarria izaten, komunikabideek ez dute ezer esaten. Aldiz, emakumezkoak garenean, arazoak izaten ditugu.

Nire kasuan, kartzelan sartu baino lehen proiektu hori aurrera eramaten ari nintzen eta behin-behineko kartzelaldian nengoenez aukera gehiago izan nituen ateratzeko eta proiektuarekin jarraitzeko.

Egoera ezberdina zen behin-behineko espetxealdian nengoelako eta bestelako aukerak eman zidalako horrek.

Orain baditugu kideak saiatzen ari direnak baina arazo potoloak dituzte. Azken finean, kartzelak zure bizitzan hartzen dituzun hautuak eta, batik-bat, horiek oztopatzen saiatzen dira askotan. Hainbat kasu dago.

Asteburuan kartzelatik atera zinen, zeintzuk dira zure asmoak orain?

Lehenbiziko gauza da jendean eta herrian blai egitea. Entzun nahi dut jendea, azken urteotan aldaketa eman da, kartzelan ikusten da eta aldaketa horiek jarraitzeko aukera izan dugu, baina orain horiek ukitzeko garaia heldu da.

 

"Bi egun daramatzat kanpoan eta, momentuz, jendeaz eta etxekoez gozatzen ari naiz".

 

Oso pozik nago kalean nagoelako eta bestelako egoeran gaudelako; prozesu askatzaile berri batean gaude eta horrek Euskal Herria askatzera eraman gaitzake. Prozesu hori bultzatzeko beste aktibo bat izan nahi dut.

Ekarpena egiteko jendearekin hitz egingo dut ea non egin dezakedan. Ateratzen garenok borondate osoz egiten dugu, prozesuak aurrera egin dezan.

Kartzelatik ateratzean argi adierazi behar dugu barruan geratu direnak aterako direla guk prozesua aurrera eramaten dugun heinean.

Ateak irekiko dira prozesu independentistan urratsak ematen baditugu. Hor, edozein tokitan ekarpenak egiteko prest gaude kartzelan ateratzen garenok.

Orain Hernani da zure etxea, baina jatorriz Aretakoa zara, zer nolako oroitzapenak dituzu eskualdeari buruz?

Areta da niretzat haurtzaroa eta nerabetasuna, 18 urte nituenetik handik kanpo bainaiz. Erreferentzia zen niretzat gurasoak bertan bizi zirelako, eta orain ez daudenez haurtzaroari loturik dago, lehenbiziko urratsei.

 

"Euskara ikasi nuen hango euskaltegian eta nire iratzartzea izan zen militante eta pertsona bezala".

 

Oroitzapen politak ditut. Noizean behin joan naiz senideak ikustera. Egia da nire bizitza Gipuzkoan egiten dudala, baina bertan dagoen jende asko maite dut eta ez dut utziko.

Gainera 18/98 sumarioaren epaiketan aretar ezagun batekin egon zinen, Pablo Gorostiagarekin.

Bai, Pablorekin egon nintzen 15 hilabetez Madrilera jaisten epaitegira joateko. Ohorea izan zen, Pablo Areta eta Laudioko erreferente politikoa izan baita, herri militante fina eta herri alkaterik onena izan dugulako.

Niretzat ohorea izan da, ez bakarrik Pablorekin egon naizelako, baita kontakizunaren erreferentzia delako. Euskal Herria eta Ezker Abertzalearen erreferentea da, erakusten baitu herrigintzan sinestea zein inportantea den eraldaketa soziala abian jartzeko.

Izan ere, eraldaketa soziala helduko da soilik herri eraikuntza eta burujabetasunaren aldetik, eta horretan herrigintzaren garrantzia handia da. Horren adibidea da Pablo.

Aipatu duzu 15 hilabetez egon zinela Madrilera bidaiatzen Entzutegi Nazionalera 18/98 sumarioaren ondorioz, zer suposatu zizun horrek?

Oso argi izan behar dugu epaiketa hori eta egon diren beste batzuen helburua zela Ezker Abertzalea itotzea eta militantzia politikoa zigortzea.

 

"Hori argi izanda, bagenekien egiten ari zirena ez zela gure aurka jotzea -gure aurka ere, jakina-, baizik eta militantzia zigortzea. Sumarioak bilatzen zuen hainbat esparrutan ematen ari ziren urratsak kriminalizatzea eta erakustea ez zegoela horretarako biderik, baita zigorrak nekez ere ordainduko zirela".

 

Nik uste dut hori dela militantziaren parte gogorra, baina inork ez du esan militantzia xamurra denik.

Horrez gain, asko aberasten du eta nik nahiago dut erreparatzea aberastu nauen aldean; oso jende interesgarria topatu dut eta horrekin geratu nahi dut, alde positibo horrekin.



LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide