Laudioko San Roke Jaiak direla eta hainbat aldaketa egongo dira herriaren ohiko funtzionamenduan.
Bus geltokiaren kokalekua izango da aldatuko den gauzetako bat. Zumalakarregi kaletik Nerboi kalera (El Castillo zinema zegoen tokiaren altuerara) mugituko da geltokia, bihartik (abuztuaren 9tik) hilaren 31ra arte.
Aldaketak osteguneko azokan
Ostegunetan egiten den azokak ere aldaketak izango ditu: Aldai Plazan jarri ohi diren postuak saskibaloi kantxara mugituko dira. Herriko Plazakoak, berriz, bertan mantenduko dira. Abuztuaren 25ean ez da azokarik egongo, Koadrilen Eguna izango delako. Irailean, berriz, bere ohiko ordutegi eta kokalekuak berreskuratuko ditu merkatuak.