“Txupinazoko giroa berpiztea da gure erronkarik handiena”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko abu. 4a, 09:35

Galtzagorri koadrilako kideak dira HELENE ARZUAGA MUGURUZA (Laudio, 1994) eta GOTZON PALACIOS ARRUGAETA (Laudio, 1993). 30 urte betetzen ditu aurten koadrila horrek, eta Txupinero izendatu dute.

Txupinero izateko hautatu zaituztete aurten. Pozik?

Galtzagorri koadrilako kideak dira HELENE ARZUAGA MUGURUZA (Laudio, 1994) eta GOTZON PALACIOS ARRUGAETA (Laudio, 1993). 30 urte betetzen ditu aurten koadrila horrek, eta Txupinero izendatu dute.

Txupinero izateko hautatu zaituztete aurten. Pozik?

Helene: Pozik, bai. Sari moduko bat da. Gu biok duela gutxi sartu ginen koadrilan, baina Galtzagorrik talde moduan urte asko ditu eta nahiko izen ona dauka.

Gotzon: Koadrilakoen artean txupinazoaren simulazioak egiten ditugu jaietan, eta aurten benetako suziria piztea egokitu zaigu.

Txupinazorako zer prestatu duzuen aurreratzerik bai?

Helene: Ba agian ez dugu ezer aurreratuko. Ez Gotzon? (barreak)

Gotzon: Ez. Soilik aipatu dezakegu koadrila barruan dauden lagun-talde bakoitzeko ordezkari bana igoko dela balkoira.

Eta jaiei begira beste zer edo zer prestatu duzue?

Helene: Aurten buruhandiak egun gehiagotan aterako ditugu. Hortaz gain, iaz jai tematikoa egiten hasi ginen, abuztuaren 16an. Jai Hawaiiarra egin genuen, eta Western Jaia egingo dugu aurten.

Gotzon: Ohikoan baino buruhandi gehiago aterako ditugu gainera.

 

"Bizpahiru buru txiki aterako ditugu, ohiko bost buruhandiez eta txotxongiloez gain"

 

Hortaz gain, duela bi urtetik hona Galtzontzilo eta Kulero Lasterketa antolatzen aritu izan gara, eta aurten ere errepikatzeko asmoa daukagu.

[video:https://vimeo.com/135845078]

30 urte bete ditu Galtzagorrik. Baduzue jaietatik aparteko ospakizunen bat egiteko asmorik?

Gotzon: Bai. Urriaren 1ean egingo dugu, Euskal Jaiaren egun berean.

Helene: Koadrilako kideontzako egun bat izatea da asmoa. Baina goiz partean egongo dira herritar orori zuzendutako zenbait ekintza: umeentzako jolasak, tailerrak, buruhandiekin egingo dugun kalejira-poteoa... Herri bazkaria egingo dugu gero, koadrilakoentzako. Arratsaldean txaranga bat ekarriko dugu, bokata-jana egingo dugu plazan...

Gotzon: Eta goizean gure txupinazo propioa egingo dugu gainera! (barreak)

[video:https://vimeo.com/48230717]

Koadrilako belaunaldi berriko kideak zarete zuek biak. Galtzagorriren etorkizuna bermatua dagoela uste duzue?

Helene: Beti dator ondo jende berria sartzea. Betidanik koadrilan egon den jendea hor dago, baina beti dator ondo jende fresko eta gogotsua gerturatzea. Prest gaude jende gehiago jasotzeko. Kideak nagusitzen doaz, umeak izaten hasten da... eta ezin dute horrenbeste parte hartu antolakuntza kontuetan.

Gotzon: Egon zen paroi moduko bat koadrilan.

 

"Ia zortzi urte igaro zituzten kide berririk gabe. Horrek ekarri zuen betiko kideek antolatu behar izatea kontu guztiak eta horregatik apur bat erreta bukatzea. Gure belaunaldiko jendea sartu izanak ilusio berriak ekarri ditu taldera"

 

Gutxi falta da abuztuaren 15erako. Dena prest?

Helene: Herriko koadrila handienetariko bat da gurea, eta garai bateko txupinazoetako giroa berreskuratzea da 15ari begira dugun asmoa. Gaur egun jendea arkupeetan geratzen da, eta guk plazaren erdira gerturatzera animatu nahi ditugu herritarrak.

Horregatik, gutako batzuk balkoira igotzen diren bitartean, gainontzekoak behean egongo gara, txupinazoko giroa berpizteko asmotan. Hori da gure erronkarik handiena, jendeak plazaren erdialdea betetzea, bustitzeko beldurrak albo batera utzita.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide