“Txosnetako taulan emakumeen presentzia handiagotzen saiatuko gara aurten”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko uzt. 31a, 00:00

Laudioko Txosna Batzordeko kideak dira JONE CORMENZANA ARANZABAL (Laudio, 1992) eta GARAZI MARTIN BIDEGUREN (Laudio, 1993). Aurtengo jaietan Txosnagunean egongo den eskaintzaren inguruan mintzatu dira.

Iaz bezala, aurten ere Aldai Plazan egongo da Txosnagunea.

Laudioko Txosna Batzordeko kideak dira JONE CORMENZANA ARANZABAL (Laudio, 1992) eta GARAZI MARTIN BIDEGUREN (Laudio, 1993). Aurtengo jaietan Txosnagunean egongo den eskaintzaren inguruan mintzatu dira.

Iaz bezala, aurten ere Aldai Plazan egongo da Txosnagunea.

Garazi: Iaz leku berri batean kokatu ziren Txosnak, Aldai Plazan. Aurten jendeak badaki bertan egongo direla, eta aurten ere gunera gerturatzera animatu nahi ditugu herritarrak.

Jone: Txosnagunea herriaren erdigunean egoteak jende berria gerturatzea ekarri dezakeela uste dugu.

Ia soilik kontzertuak eskaintzetik egitarau anitz bat osatzera pasa zineten iaz. Aurten ere ildo beretik jarraitzeko asmoa duzue?

Garazi: Nik uste dut aurten taula gainean emakumeen presentzia handiagotzen saiatu garela, agian guk nahiko genukeen bezainbeste lortu ez dugun arren.

Jone: “Iluntze musikatuak” deritzaten emanaldietan lortu dugu batez ere emakumeen presentzia bermatzea.

 

"Jendeak orokorrean badu buruan kokaleku berria, eta badaki egunean zehar ere hainbat ekintza egongo direla, ez soilik gauez"

 

Umeei begirako eskaintza ere hor dago.

Garazi: Bai. Goizero umeen gune bat egongo da Txosnagunean. Modu horretan, gurasoak bertaratzen badira umeek zer egin izango dute.

Jone: Saiatu gara baita abuztuaren 17ari eta Berakatz Egunari begira eskaintza bat osatzen, horiek izaten baitira jaietako egunik lasaienak. Egun horietan ere jaietan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak.

Ez dira egun asko falta jaiak hasteko. Nola doaz prestaketa lanak?

Garazi: Nik uste dut lan handiena jaien aurreko egunetan etorriko dela, Txosnen muntaketarekin. Orain lasai gabiltza.

Jone: Orain dena da “teoria”. Gero egokituko zaigu “teoria” hori praktikara eramatea (barreak).

Eta jaietan?

Garazi: Jaietan lana egunaren araberakoa da, eta Txosnagunean dagoen jende kopuruaren araberakoa. Iazkoa lehenengo urtea izan zen Aldai Plazan, eta horregatik agian bai izan zela apur bat nahaspila.

 

"Iazko esperientziarekin nik uste dut aurten askok hobeto egingo ditugula lanak"

 

Norbanakoek eta eragileetako kideek osatzen dute Txosna Batzordea. Zaila da guztien artean koordinatzea?

Jone: Urtean zehar saiatzen gara hilabetero batzen, baina jendearen egutegien arabera errazagoa edo zailago izaten da hori. Gutxika-gutxika goaz gauzak lotzen, dena azken momenturako utzi gabe. Taldeak lotzen ditugu lehenbizi, eta txandak eta ordutegiak zehazten ditugu gero.

Garazi: Jaiak Koordinakundeak jende erreleboa behar duen bezala, guk ere herriko beste elkarte eta norbanako batzuen inplikazioa behar dugu; bai txandak egiten, bai urte osoko prestakuntzari begira, bai beste edozein ardura hartzeari begira.

Jone: Txosnaguneko lemari jarraitzeko deia luzatu nahi diogu jendeari: jaietan egote hutsetik egitera pasatzea.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide