"Brexit-ak Ingalaterrako klase politikoa apurtu du"

Erredakzioa 2016ko uzt. 19a, 13:37

IDURRE MENDIBIL (Laudio, 1995) gazteak Ingalaterran ikasi du aurten eta Brexitaren kanpaina bertan bizi izan du. Referendumari buruz sortu diren diskurtsoei buru mintzatu da, besteak beste.

Iragan ikasturtea, edo behintzat zati bat, Ingalaterran eman duzu, zergatik?

Nazioarteko harremanak ikasten ari naiz eta karreraren hirugarren ikasturtea kanpoan ikastera derrigortzen gaituzte, nolabait esatearren.

IDURRE MENDIBIL (Laudio, 1995) gazteak Ingalaterran ikasi du aurten eta Brexitaren kanpaina bertan bizi izan du. Referendumari buruz sortu diren diskurtsoei buru mintzatu da, besteak beste.

Iragan ikasturtea, edo behintzat zati bat, Ingalaterran eman duzu, zergatik?

Nazioarteko harremanak ikasten ari naiz eta karreraren hirugarren ikasturtea kanpoan ikastera derrigortzen gaituzte, nolabait esatearren.

Hori horrela izanik, bai alor akademikoan, bai pertsonalean gustuko nuen lekua hautatu nahi nuen, beraz, Ingalaterra aukera ona iruditu zitzaidan.

Azken finean, unibertsitate hezkuntza programa oso ona daukate eta ingelesa hobetzeko aukera ere ematen zidan.

Zer nolako diziplina dira Nazioarteko Harremanak ikasketak? Zer ikasten duzue zehazki?

Nahiko zaila egiten zait azaltzea, oso diziplina zabala baita. Orokorrean, nazioarteko sistema, politikoki, ekonomikoki eta sozialki aztertzean datza.

Nire oraingo ikasketak nahiko orokorrak dira eta denetarik ikasten da, baina, gero, espezializatzerako orduan, arlo askotan banatu daiteke diziplina: nazioarteko zuzenbidea, diplomazia, giza eskubideak, gatazka eta segurtasuna, etab.

Bertan zeudelarik Brexitaren kanpaina bizi izan duzu, bete betean, gainera. Espero zenuen Erresuma Batuak ateratzea Europar Batasunetik? Zergatik

Egia esan, ez. Europar Batasunetik ateratzeko nahia edota Euro-eszeptizismoa errealitate soziala izan da Erresuma Batuan betidanik.

"Azken urteotan, krisi ekonomikoa, errefuxiatuen krisia eta terrorismoaren ondorioz sentimendu hori areagotu egin da, ekintza horiek instituzioaren baliabide eta erabakiak hartzeko determinazio falta erakutsi baitute".

Hala ere, benetan pentsatzen nuen amaieran herriak ezetz bozkatuko zuela, azken finean, Europar Batasunetik ateratzea Erresuma Batuarentzat kolpe gogorra izango litzateke, ez ekonomikoki bakarrik, politikoki eta sozialki ere bai, orain ikusten ari garen bezala.

Azalduko diguzu zer indar politiko mota lehiatzen ziren alde zein aurka?

Brexitaren kanpainarekin hainbat talde sortu dira, bai irteeraren alde "Grassroots out" adibidez, bai Europan geratzearen alde "Another Europe is Posible" edo "Generation Europe", beste askoren artean.

"Horrez gain, pertsonaia publiko asko ere alde batean edo bestean kokatu dira, kanpaina bultzatzeko".

Alderdi politikoen artean, Europatik alde egitearen aldeko kanpainaren bultzatzaile nagusiena UKIP izan da, Ingalaterrako eskuin erradikala.

Baina niretzat kanpaina honen gauzarik garrantzitsuena alderdi politiko nagusiekin gertatutakoa izan da, ia guztiak bitan banatu baitira, kanpaina alde batetik edo bestetik bultzatuta eta barne krisia sortuz, Alderdi Laboristan eta Kontserbadorean nagusiki.

Nolakoa izan da kanpaina? Diputatu bat hil zuten irauten zuen bitartean, tentsioa nabaria zen edo gertakari isolatua izan da?

Nire aburuz, urtean zehar ez da oso aktiboa izan, Aste Santua eta gero hasi zen benetako kanpaina, nik uste.

Hala ere, urte honetan gertatutako ekintzek, errefuxiatuen krisia eta Paris eta Bruselako eraso terroristek, batik bat, eragin handia eduki dute erreferendumaren emaitzetan eta nolabait '"leave" eta "remain" kanpainak bultzatzeko erabili dira.

"Jo Cox diputatuaren erailketari dagokionez, gertakari isolatua izan dela uste dut".

Ordurako, Euskal Herrian bueltan nintzen, beraz, azken asteetako egoera ez nuen urrenetik ezagutu, baina nahiz eta tentsio apurra egon, gertaera garrantzitsu guztietan bezala, normaltasunez eraman da eguneroko bizitzan.

Nolakoa izan da Brexitaren aldeko diskurtsoa? Batzuek leporatu diote arrazismo kutsua, horrela izan da? Kanpokoek nabaritu duzue edo zuriak ez direnek?

Beno, ba nik alor honetan esan nahi dut bi gauza ezberdindu behar direla. Alde batetik, Brexitaren diskurtsoa eta, bestetik, Erresuma Batuko errealitate soziala.

"Ingalaterran migrazioa ez da gauza berria, oso herrialde plurala da eta herrialde eta kultura ugariko jendea bizi da bertan".

Zentzu horretan, gu baino pausu bat aurrerago doaz gizarteratze eta inklusioari dagokionez. Horregatik pertsonalki ez dut inor ikusi beste pertsonaren bat baztertzen kanpotarra edo zuria ez izateagatik.

"Brexitaren aldeko diskurtsoan bestalde, argudio nagusietako bi, Ingalaterra jasaten ari den migrazio jendetsua eta segurtasun falta izan dira".

UKIP bereziki, errefuxiatuen krisiaz eta herriak islamismo erradikalari dion beldurraz baliatu da, bere kanpaina egiteko, horra hor xenofobia bultzatzea leporatzearen arrazoia.

Nolako giroa sortu dute emaitzek herritarren artean?

Nolabait esateagatik, herria bitan banatuta dago. Herritar asko bozkatutakoaren alde daude oraindik, baina orain agertu den fenomeno berriarekin, "regret" deiturikoa, ikusi daiteke jende asko damutu egin dela Brexitari baiezkoa eman ostean.

Parlamentuak adibidez, bigarren erreferenduma egiteko eskaera jaso du eta dagoeneko 2 milioi eta erdi firma baino gehiago eskuratu ditu.

Lau herrik osatzen dute Erresuma Batua eta emaitzak ez dira berdinak izan, zergatik uste duzu izan dela horrela?

Oso herri ezberdinak dira. Ingalaterra eta Gales kontserbadoreagoak izan dira betidanik eta euren independentzia Europaren aurrean gordetzearen aldekoak, munduan historian zehar edukitako estatusa mantendu nahian edo.

"Bestalde, Eskozia askoz europarragoa izan da betidanik, ilustrazioaren jaioterrietako bat izan omen zen eta Europan izan duen elkar eragina eta dituen loturak sendoagoak dira".

Ipar Irlandaren kasuan, Irlandako irlaren zati bat izanik, Europar Batasunetik ateratzearen ondorioak askoz sakonagoak izango lirateke, euren eta Irlandako Errepublikaren arteko harremanak korapilatsuak baitira.

Zer nolako eragina izan du klase politikoan?

Klase politikoa apurtuta dago. Alderdi laboristaren barruan, hainbat pertsonak dimititu egin dute Jeremy Corbin-en lidergo faltagatik eta UKIP-eko liderrak ere dimisioa aurkeztu du orain dela gutxi.

Partidu kontserbadoreari dagokionez, bai Boris Johnsonek, Brexitaren aldeko liderra, bai David Cameronek, Brexitaren kontrako liderra eta Ingalaterrako lehen ministroak, karguak utzi dituzte.

Orain Theresa May-k hartu du partidu eta herrialdearen burua. Bere hautaketa, alderdia bateratzeko saiakera dirudi, ez baitu oso protagonismo garrantzitsua jokatu kanpainan zehar, nahiz eta Brexitaren aurkako jarrera izan.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide