“Erreleboa behar da Jaiak Koordinakundean”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko uzt. 18a, 09:27

TAMARA OTAOLA DIAZ (Laudio, 1990) Txilardiak jai koadrilako eta Jaiak Koordinakundeko kidea da. Jai koadrilek aurtengo jaietarako prestatutako ekintzen eta koordinakundearen egoeraren inguruan mintzatu da.

Zer dago zahar eta zer berri Jaiak Koordinakundeak aurtengo Laudioko Jaiei begira eginiko planteamenduan?

TAMARA OTAOLA DIAZ (Laudio, 1990) Txilardiak jai koadrilako eta Jaiak Koordinakundeko kidea da. Jai koadrilek aurtengo jaietarako prestatutako ekintzen eta koordinakundearen egoeraren inguruan mintzatu da.

Zer dago zahar eta zer berri Jaiak Koordinakundeak aurtengo Laudioko Jaiei begira eginiko planteamenduan?

Aurreko urtean eginiko guztia dago. Aurten Zoroak koadrilak bere jokoak egingo ditu berriz Koadrilen Egunean, eta iaz egun horretan egin genituen jolasak ostiralera (Baserritar Egunera) igaroko dira.

 

“Hortaz gain, aipatzekoa da baita aurten Koadrilen Eguneko bazkaria tiketik gabe izango dela. Hau da, ez da aurretik tiketik eskuratu beharko bazkarira joan ahal izateko”

 

Aurretik izena ematearen kontu hori jende-kopurua kontrolatzeko egiten zen, baina azken urteetan apur bat desastrea izan da hori: agian 400 tiket ematen zirelako baina gero 300 pertsona baino ez zirelako gerturatzen. Lekua ere aldatu egingo da: Aldai Plazan egingo da aurten bazkaria.

Karaokea Gaztetxeko bazkariaren ostean egingo da, abuztuaren 16an, Alberto Aceron. Iaz Txupinazo Egunean egin genuen, baina apur bat desastrea izan zen, egun hori kaosa delako: jende guztia bere kaxara doa eta zaila da leku batean biltzea. Horregatik erabaki dugu egunez aldatzea, nahiko ekintza indartsua dela uste dugulako, ikusteko polita. Ea zer moduz funtzionatzen duen aurten 16an.

Paella Txapelketa ere egingo da berriz, abuztuaren 17an, Aldai Plazan. Iaz egin zen lehenbiziko aldiz eta oso ondo atera zen. Ez genuen espero horrenbeste parte hartzaile izatea.

Gainontzeko guztia aurreko urteetan bezalakoa izango da.

Berrikuntza gutxi, beraz.

Bai, aipatu berri ditugunak dira dauden berrikuntza guztiak. Betiko kontua da: jaietan koadrila asko gaude baina gutxi gara ekintzak prestatzen eta ideia berriak garatzen gabiltzanak. Eta kostatzen da, asko gainera. Baduzu egitarau bat prestatuta eta oso erosoa da dagoenarekin jarraitzea.

Hala ere, saiatzen ari gara apurka apurka gauza berriak sortzen. Iaz lehen aldiz egin genituen jokoak (Koadrilen Egunekoak) ondo atera ziren. Aurten pare bat buelta eman diegu eta gauza berriak egongo dira, joko berriekin.

Lan asko falta zaizue egiteko hemendik eta abuztuaren 15era bitartean?

Ba bai, beno... azken erosketak... ekintza guztiak pixka bat jostea. Baina gauzarik handienak lotuta daude jada.

Galtzagorri koadrilako kideak izango dira aurtengo txupineroak.

Hala da, bai. 30 urte betetzen ditu koadrila horrek. Galdetu dudanaren arabera badakit zerbait prestatua dutela txupinazorako. Ziur zerbait ederra prestatu dutela. Baditugu jada gogoak 15a iristeko!

Eta koadrila berririk sartu al da koordinakundean?

Momentuz ez. Animatu nahiko genuke herriko jendea jaien antolakuntzan parte hartzen laguntzera. Sekulako aukera da esku artean daukaguna, baina lan handia suposatzen du, eta jende asko behar da lan hori guzti hori aurrera ateratzeko. Jende berria animatzeak (izan koadrila edo norbanako gisa) ideia berriak sortzea dakar. Jende berriak, gainera, prestutasun handiagoa dauka gauza gehiago egiteko. Nik oroitzen dut koadrila moduan Jaiak Koordinakundean sartu ginenean oso prest geundela dena egiteko. Orain ere bagaude, baina egia da errelebo beharra dugula.

Ezberdin ikusten dira jaiak antolatzaile gisa zaudenean?

Bai, oso oso ezberdin. Nik uste dut jaiak bizitzeko modua oso ezberdina dela antolakuntzan zaudenean. Barrutik bizitzen dituzu. Festa, ekintzak, bazkariak, jokoak... dena bizitzen duzu beste modu batean, jaien parte sentitzen zarelako. Ez dut esan nahi koadrila baten barruan ez bazaude ez zarela jaien parte, baina egia da modu ezberdin batean ikusten dela. Oso polita dela uste dut.

 

“Jaien antolakuntzan parte hartzea oso polita da, sekulako aukera da, eta uste dut ez garela horretaz kontziente”

 

Ez dakit zer gertatuko den hemendik urte batzuetara, baina argi dago erreleboa behar dela. Urteak igarotzen dira, nagusitzen zara, beste lehentasun batzuk sortzen zaizkizu eta gero agian ez duzu gauzak egiteko horrenbesteko denborarik. Jende berria behar da, ideia eta gogo berriekin.

Belaunaldi aldaketa beharrezkoa da, beraz?

Nik uste baietz. Jende freskoa behar da, ideia berriekin datorrena, edozer egiteko prest dagoena. Gu ere bagaude prest, baina ideia berriak agian ez ditugu horren eskura. Beste giro bat sortzen du horrek. Bost sei urte inguru igaro dira Jaiak Koordinakundean azken koadrila sartu zenetik.

Baina zein da arazoa, ez direla koadrila berriak sortzen edo sortzen diren koadrila berri horiek ez direla Jaiak Koordinakundean sartzen?

Nik uste dut sortzen direla koadrila berriak, baina gero ez direla koordinakundean sartzen. Ez dut esan nahi sartu behar direnik, badaude jaietan parte hartzeko beste modu batzuk ere (Txosna Batzordeak ere parte hartzen du jaien antolakuntza, adibidez). Baina egia da koadrila berriak agian ez dutela jaiak prestatzeko interes hori, badakitelako abuztuaren 15a iritsiko dela eta ordurako dena prest egongo dela. Orain arte horrela izan da eta beti izango da horrela.

Baina ez, hori ez da horrela. Jaien antolakuntzak sekulako lana dakar atzetik. Badago jaiak antolatzearren beste gauza batzuk atzean uzten dituzten pertsonak. Agian ez dira kontziente antolakuntzan aritzeak dakarren sakrifizioaz. Pausotxo hori falta zaigu: jendea kontzientziatzea. Horretan esku hartzea beharrezkoa da.

 

“Orain gaudenok hemendik urte batzuetara antolakuntzan egoteari uzten badiogu udala pasako da jaiak antolatzera, hori argi dago”

 

Beste herri batzuetan horrela da. Oso sekulako aukera da esku artean duguna, eta ezin dugu galdu.

 

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide