Arabako Foru Aldundiak onartu du Laudioko Udalak jarritako helegitea eta, ondorioz, 300.000 euroko diru-laguntza emango dio 2016-2017rako Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren barruan.
Kopuru horrekin San Roke zaharren egoitza ohian hainbat obra egingo dute erabilera kulturala izan dezan. Momentuz, funtsezkoa prestatuko dute -irisgarritasuna bermatu, adibidez- eta partaidetzaren bitartez zehaztuko dituzte erabilera motak.
Helegitearen ibilbidea
Foru Planaren lehenengo ebazpenean Aldundiak erabaki zuen Laudioko Udalaren eskaerak ez zituela betetzen arauak. Horregatik, tokiko erakundeak helegitea prestatu zuen eta orain onartu berri dute.
Laudioko San Roke egoitza zaharra berritzeko proiekturako ez ezik, foru erakundeak onartu ditu Gesaltza Añanako igerilekuen barrutian dauden instalazio osagarrien eta sarbideen eraberritzerako helegitea eta Urkabustaizko Ostuño parkeko igerilekuak eraikitzeko bigarren faserako eta zerbitzuetarako eraikina eraberritzeko helegitea.