Laudioko Udala eta EHUren arteko akordioari esker, aurtengo udan bigarrenez, Ermualdeko indusketatako bisita gidatuak antolatu dituzte.
Sergio Escribanok zuzentzen duen taldeak arkeologia lan kanpaina berriari ekingo dio uztaila osoan zehar eta herritarrek euren lana jarraitu ahal izango dute bisita gidatuen bitartez.
Arkeologia jendarteratzeko ekimen horren bitartez, “live science” edo “zientzia zuzenean” ikusteko parada ematen zaie herritarrei. Egitasmoak Eusko jaurlaritzaren diru-laguntza jaso du.
900 bisitari iaz
Iazko ekinaldia oso emankorra izan zen, aurreikuspenak zeharo betez. Ezaguna zen Ermuko Andramaria elizaren xv.mendeko jatorria eta indusketetan XI.mendeko aztarnak agertu ziren, beste beste, tenpluko lurzoruan topatu hainbat hilobi. Bisita gidatuen ekimenari begira, 900 lagunek parte hartu zuten.
Leinuen gerrak ardatz
Aurtengo ekinaldirako berritasun batzuk aurreikusi dituzte, ikerketen norantzari jarraiki. Batetik, Ermun topatutako aztarna batzuek eskualdeko dorretxeekin izan lezaketen balizko loturari eutsiz, Erdi Aroko leinuen gerrak jorratuko dituzte sakonago bisitetan.
Kastillozar, karlisten gotorlekua
Bestalde, indusketa berriari helduko diote, Kastillozar mendiko tontorrean aurkitu bastioiaren aztarnen nondik norakoak ikertzeko. Indusketa horrek, Ermutik hurbil egon arren, zerikusirik ez du bertan garatuko den proiektuarekin.
Izan ere, 1. karlistadarekin lotuta egon daitekeen eraikin militar baten aztarnak omen dira ikertzekoak, eta ondorioz, berriagoak, XIX. mendearen ingurukoak.
Halarik ere, Ikerketa lan ildo berria baieztatzera dator adituek aurrikusitako Ermualdeko potentzial arkeologikoa. Kasu horretan, ostera, indusketa lanak Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntzari esker egin ahal izango dira eta Laudioko zein Okondoko udalek sustatu dute.
Bisita gidatuak ere Kastillozarren
Bisita gidatuak astearte goizetan, ostegun arratsaldetan eta larunbatetan izango dira Ermualdean, uztailaren 5etik abuztuaren 2ra arte.
Kastillozarreko bastioiko indusketak aldiz, uztailaren 5etik 14ra bitartean bisitatu ahal izango dira, astearte zein ostegun goizez.
Bisitok egin ahal izateko aurrez lotu beharko dira hitzorduak, 619753302 telefonora deituta.