“Atentatuaren osteko orduetan inor ez zen guregana gerturatu nola geunden ikustera”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko uzt. 1a, 13:57

ADRIAN RUIZ UNIBASO (Laudio, 1989) Istanbuleko aireportuko atentatuaren lekuko zuzena izan da. Bertan gertatutakoa xehetasunez kontatu eta tokiko segurtasun indarren zein Espainiako enbaxadaren jarrera salatu ditu.

Aireportu barruan zeuden atentatuaren unean.

Bai, itxarongelan, hegazkinaren zain. Hori zen txekeo gunetik hurbilen zegoen tokia. Aireportuko kristalaren alboan zegoen aparkalekuan jarri zuten bonba-autoa.

ADRIAN RUIZ UNIBASO (Laudio, 1989) Istanbuleko aireportuko atentatuaren lekuko zuzena izan da. Bertan gertatutakoa xehetasunez kontatu eta tokiko segurtasun indarren zein Espainiako enbaxadaren jarrera salatu ditu.

Aireportu barruan zeuden atentatuaren unean.

Bai, itxarongelan, hegazkinaren zain. Hori zen txekeo gunetik hurbilen zegoen tokia. Aireportuko kristalaren alboan zegoen aparkalekuan jarri zuten bonba-autoa.

Nik hiru edo lau eztanda entzun nituen, eta apur bat harrituta geratu nintzen. Handik bi segundo eskasera jende guztia korrika eta garrasika hasi zen. Ikaragarria izan zen, ordura arte mundu guztia bere eguneroko bizitza egiten zegoelako: jaten, maletak egiten... eta une batetik bestera jende guztia korrika, erortzen eta beste batzuengatik zapalduak izaten.

Hasieratik pentsatu zenuen atentatu baten aurrean zeundela?

Ba bai, lehen momentutik pentsatu nuen atentatu bat izan zitekeela. Nire laudioko lagun bati hots egin nion telefonoz, twitter bidez kontsulta ziezadan zer ari zen gertatzen.

Itxarongelako mostradore baten atzean ezkutatu ginen. Suteen aurkako bi alarma kolpatu nituen, norbait etorri zedin gu lagunztera. Baina alarmek ez zuten funtzionatu, baliteke isilak izatea, ez dakit, baina ez zuten zaratarik egin.

Mostradore azpira jo nuen orduan, “paniko botoiren” bat edo antzeko zerbait zegoen ikusteko, baina ez zegoen ezer. Jendeak korrika jarraitzen zuenez eta zarata ugari entzuten zirenez, gelatik atera ginen, urrunago joateko asmoz.

 

“Areto batetik bestera gindoazen, korridoretik, eta tokia sagu-zulo baten modukoa zela ikusi genuen”

 

Ate baten parean zegoen pertsona batekin egin genuen topo orduan. Aireportuko langilea zirudien. Hegaldia hasteko prest zegoen hegazkin batera sartzeko zen atea zen hura. Guri iruditu zitzaigun langilea atea ixten zegoela, eta batzuk bere aurka oldartu ginen horregatik.

Gero konturatu ginen bera ez zegoela atea ixten. Ate hidraulikoa zen, eta automatikoki ari zen funtzionatzen. Baina atetik sartzea lortu eta hanka tartean jarri nuen, jende gehiago sartu zedin, nire neska-laguna eta bere ama tartean.

Behin barruan, hegazkinerantz abiatu ginen guztiok. Azafatek “Stop! Stop!” oihukatzen ziguten, baina momentuan ez nuen ulertu zer ari ziren esaten. Oso azkar gertatu zen dena. Hor oraindik ez zekiten zer gertatu berri zen, hegazkinak lehorreratzen jarraitzen baitzuten, normaltasun osoz, eta ez ziguten hegazkinera igotzen utzi.

Nik hegazkin-pistetarantz jo nuen orduan. Langile batek gelditzeko eskatu zidan, baina ez nion jaramonik egin. Handik segundo gutxira ikusi ahal izan zuten aireportuko kristalezko hormatik nola ari zen jende guztia korrika eta garrasika. Erabateko kaosa izan zen.

 

“Aireportu barrura itzuli ginen gero, zer gertatu zen jakiteko. Beste bonba batek egin zuen eztanda orduan”

 

YouTuben badago une horren bideo bat zeinetan gu azaldu egiten garen. Ez zegoen segurtasunik, ez eta erizainik edota gertatutakoaren gaineko informaziorik ere ez. Aireportuko langile guztiak desagertu ziren, eta hurrengo orduetan ere ez zen ez poliziari ez eta erizainik bertaratu aireportu barrura.

Halako kasuetan asko laguntzen du zer gertatzen den edo zer egin behar dizun esaten dizun norbait egotea, baina ez zegoen inor. Agertu ziren bakarrak segurtasun arduradun batzuk izan ziren, gu bigarren pisutik lehen pisura botatzeko. Baina hori baino ez, agertu ziren modu berean desagertu ziren gero. Ebakuazioa ere sekulako deskoordinazioarekin egin zuten.

 

“Aireportuaren kanpoaldean polizia asko zeuden, baina nik uste nazioarteko komunikabideen aurrean itxurak egiteko zeudela hor, barruan ez baitzegoen polizia bakar bat ere ez”

 

Ebakuazioaren unean beste ihesaldi bat jazo zen, kristalen bat apurtu eta jendea izutu egin zelako. Guztira bost “estanpida” gertatu ziren modu horretan: zarata bat entzuten zen eta jendea garrasika hasten zen, eta orduan gainontzekoek garrasi horietatik aldentzen saiatzen ziren. Ulertu behar da momentu horretan ez genekiela atentatua nola gertatu zen, eta posiblea zen eraso gehiago ematea. Telebistan ikusten ditugun bahiketa eta erasoetan pentsatu eta zure buruari galdetzen diozu: “eta oraingoan niri egokitzen bazait, zer?”.

Espainiako enbaxadara ere deitu zenuten, ez?

Bai, baina ez ziguten inolako harretarik eskaini. Hainbat aldiz deitu nuen enbaxadara, laguntza eske. Ez zidaten aparteko informaziorik eman, baina aireportuan beste espainiar batzuk zeudela aipatu zidaten. Euren telefono zenbakiak eman ahal zizkidaten galdetu nien, baina beraiek ezetz, hori datu konfidentziala zela. Nire zenbakia eman nien orduan, deitzen zuten beste pertsonei eman ziezaieten.

Aireportuan barrena joan nintzen, jende espainiarren bila. Handik ordu eta erdira egin nuen topo batzuekin. Enbaxadakoek nire telefonoa eman zieten galdetu nien, baina beraiek ezetz. Enbaxadara deitu genuen orduan, eta hainbat deiren ostean eurekin kontaktatzea lortu genuen.

 

“Eman ziguten soluzio bakarra auto bat alokatu eta hotel batera joatea zen, zeinetan gau bat igarotzeak 89 euro kostatzen zuen. Hori guztia guk ordainduta, noski, gutako batzuek dirurik ez zutenean”

 

Orduan erabaki genuen aireportu barruan geratzea, kanpoan beste atentatu bat egon zitekeela pentsatzen genuelako.

Nolakoa izan zen gaua bertan igarotzea?

Milaka pertsona geratu ginen bertan gaua pasatzen, toki guztietan zegoen jendea, baina pistetan ere.

Segurtasun arduradun batzuek norabide batean joateko esaten ziguten, eta handik gutxira beste toki batetik joateko esaten ziguten. Kaos hutsa izan zen. Segurtasun arduradun horiek guztiak handik gutxira egin zuten ospa, gainera. Gaueko bederatziak izango ziren. Goizeko bostetara arte itxaron behar izan genuen. Orduan beste espainiar batzuekin topo egin genuen eta aireportua ireki berri zutela esan ziguten. Nik hamaiketan nuen hegaldia, baina guztiak geratu ziren bertan behera. Lehen pisuan geunden, eta nazioarteko hegaldien gunera abiatu ginen. Gero esan ziguten hortik ez joateko, pasaporteen gunera joan behar genuela, baina bertara iristean ere beste gune batera bideratu ziguten.

Turkish Airlineseko langile batzuekin egin genuen topo, eta esan ziguten gure billeteak ez zutela balio, hegaldiak bertan behera geratu zirenez beste batzuk atera behar genituela. Mostradore baten aurrean ilara egiten igaro genituen hurrengo hiru orduak. Egon zen bertan itxaroten konortea galdu zuen jendea, baina aireportuko langileek ez zuten zer egin. Bidaiarien artean mediku bat zegoenez bera arduratu zen konortea galdu zuten horiei laguntzeaz.

Goizeko zortzietatik aurrera hasi ziren ur eta janari apur bat banatzen, baina oso beroa zegoen dena. Aireportuko dendetan ur eta janari hotza zituzten, baina ez ziguten ematen. Ume txiki asko zeuden itolarriarekin. Antolakuntza falta handia zegoen.

 

“Goizeko hamarretarako aireportua bere ohiko jarduerara itzulia zegoen jada: dendak eta tabernak irekita zeuden, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Poliziak ere bi baino ez nituen ikusi ordu horietan guztietan zehar”

 

Arratsaldeko zazpiak aldera irten zen gure hegazkina.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide