BORJA TORRALBA PATIÑO (Laudio, 1972) eta SANTI RIC BAZAN (Zaragoza, 1967) dira Laudion antolatzen den “Jedi galaktikoa” jaialdiaren sortzaile eta egungo antolatzaileak. Star Wars filma sagan oinarrituta zaleek eginiko pelikulak ('fan-filmak') proiektatzen dituzte, Orbeko Etxean eta Lanbide Heziketa Ikastetxean. Laugarren edizioa izango da aurtengoa.
Lau urte daramazue ekimen hau egiten. Nondik sortu zen ideia?
Ric: Lehen edizioa nik bakarrik antolatu nuen. Zaragozakoa naizen arren, aspaldidanik ezagutzen dut Orbeko Etxea, nire musika taldearekin zein beste batzuekin aritu izan naizelako bertan jotzen, eta beste hainbat okasiotan ere gerturatu naiz.
Asko gustatzen zait Star Wars saga, eta filma horietan oinarritutako fan-filmak biltzen hasi nintzen. Irabazi asmorik gabeko pelikulak dira, baina horietako asko oso modu profesionalean eginak daude. Star Wars gogoko duten pertsonei ez ezik, zientzia fikzio zalea den orori gustatu ahal zaizkio.
Orbeko Etxean horrelako filmen proiekzio bat antolatzea interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaidan. Proposatu egin nuen, ondo iruditu zitzaien eta lehen edizioa egin genuen. Orduan bildu nintzen Borjarekin, ni bezala Star Wars zalea delako, eta biok batera ekin genion bigarren edizioa antolatzeari.
Torralba: Iaz pausu bat harago eraman genuen jaialdia. Orbeko Etxetik atera eta Lanbide Heziketa Ikastetxeko aretora zabaldu genuen. 20-30 pertsona bertaratu ziren, eta aurten gehiago gerturatzea espero dugu.
“Mota honetako filmak oso interesgarriak dira. Badaude umorezkoak, baina baita musikalak edota animaziozkoak ere. Horietako batzuk jatorrizko sagaren parte izan zitezkeela pentsatzen duzu sarritan, oso ondo eginak baitaude”
Zer topatu ahal izango du jaialdira bertaratzen denak?
Ric: Aurten estreinaldiak baino ez ditugu jarriko, iaz eginiko filmak izango dira guztiak. Orbeko Etxean eta Lanbide Heziketa Ikastetxean proiektatutako ditugu.
Torralba: Orbekokoak jatorrizko bertsioan egongo dira, azpitituluekin. Lanbide Heziketa Ikastetxean, berriz, bikoiztuak jarriko ditugu, umeentzako erakargarriagoak izan daitezen.
Ric: 'Fandud'-a duten filmak izan ohi dira horiek (zaleek bikoiztutakoak). “Bad pilots” izango da zaleek eginiko bikoizketarekin eskainiko dugun filmetako bat, duela hilabete bat estreinatutakoa.
Badugu baita beste estreinaldi bat: “Sedición clon”. Serie bat da, eta iaz proiektatu genuen lehen atala.
Mota honetako filmak internet bidez zabaltzen dira gehienetan. Azken lau urteetan Laudion egin dugun jaialdia bakarra da Estatu Espainiarrean. Aurten beste jaialdi bat antolatu dut nire hirian, Zaragozan, berebiziko arrakastarik izan ez duen arren.
Aurten emakumezkoen presentzia indartzen ahalegindu gara. Emakumezko pertsonaia bat sartu dugu jaialdiaren kartelean eta jaialdiko proiekzio nagusian “The Pink Five” saga osorik ikusteko aukera izango dugu, zeinen protagonista emakumezko pertsonai izugarri on bat den.
Nolakoa izan da jaialdiak lau urte hauetan zehar izan duen harrera?
Torralba: Lehen edizioko emanaldi batzuetan Santi, nire neskalaguna eta hirurak baino ez geunden. Baina aurten jendea gerturatzea espero dugu. Gaur Orbekon afari galaktikoa daukagu, musika galaktikoarekin giroturik.
Ric: Bai, sekulako frikikeria da, baina ez diogu horregatik garenari uko egiten.
“Punk eta okupazio mugimendutik gatoz... eta mugimendu horiek “zuk zeuk egizu” filosofiak garrantzi berezia hartzen du ekimen honetan, txikitatik gustatu izan zaigun zerbaiti buruzko filma propioak egitera bultzatzen gaituelako”
Dena uztartzen da. Hortaz gain, zerbait ezberdina eskaintzea ere badugu helburu, beste toki batzuetan topatu ezin daitekeena.
Torralba: Gainera sentitu egiten dugu filma horiek egiten dituzten pertsonen babesa dugula. Iaz “The holo esperience” filmaren munduko estreinaldia izan zen Laudion, filmaren egileek baino ez zuten momentu horretara arte ikusi. Zuzendariek euren filmak jartzera animatzen digute, eta kalitatezko kopiak bidaltzen dizkigute horretarako.
Ric: Badago bere filmaren kartelean “Jedi galaktikoa” jaialdian proiektatuak izateko aukeratu dutela aipatzen duenik ere. Zuzendariak jaialdira etorriko balira agian apur bat desanimatuko lirateke, ez baita ikusle asko biltzen. Baina ondo pasatuko lukete, hori ziur!
Aipatzekoa da baita aurten “Renacimiento” pelikula txiletarra ikusteko aukera izango dugula, 2009an grabatutakoa. Star Wars-en fan-filmen mundu mailako lehiaketan saria lortu duen gaztelerazko lan bakarra da (Disney-k saga erosi zuen arte George Lucas zen lehiaketa horretako epailea). Ostiralean ikusi ahal izango dugu pantaila handian, Lanbide Heziketa Ikastetxean.
Euskal Herrian ez al dago mota honetako filmak egiten duen inor?
Ric: Orain arte Euskal Herrian eginiko bi lan baino ez ditugu ikusi. Bata Mauro Entrialgo marrazkilariak eginikoa da, animaziozkoa. Badago beste bat, plastilinazko panpinekin eginikoa. Bi aldiz proiektatu dugu, baina ez dakigu zehazki nork egin duen... egileak Soraluzekoak direlakoan nago ni. Horiek dira ezagutzen ditugun bi erreferentzia bakarrak.
Torralba: Star Wars-en mundua oso zabala da. Arrigorriagan badago 501 Legioa elkarteko kide bat. Star Wars-eko filmetan azaltzen diren soldaduez mozorrotzen dira, jatorrizko filmetan azaldu diren jantziekin. Eurekin herritik kalejira bat egiteko kontaktatu genuen, baina kide bakoitzeko 50 euro eskatzen zituzten, Arrigorriagatik Laudiora etortzeko. Ikusgarria izango litzateke, baina ez dugu horrenbeste diru.
Ric: Sekulako tartea dago gure eta Star Wars-en zale tipikoaren artean, egia esan. Ez gara jostailu bildumazaleak, ez eta mozorroenak. Nik, adibidez, badut jostailuren bat edo beste, baina oparitu egin didatelako, ez naiz kutxatik ere ateratzen ez duen bildumazale fanatiko horietako bat.
“Beste mota bateko pertsonajeak gara gu: Txikitatik gustatu izan zaigu Star Wars, baina ez da obsesio bat”
Eta ez dugu jakin izan publiko mota horrekin harremana egiten. “Jedi Galaktikora” gerturatzen den publikoa herriko jendeak osatzen du gehienbat.
Badaude Star Wars-en istorioa zehatz mehats jarraitzen duten fan-filmak, baina guk jartzen ditugunak gehienetan ez dira halakoak. Istorio eta pertsonai berriak asmatzen dituzte. Jatorrizko pelikuletan apenas hitz egiten ez duen pertsonai sekundario bat fan-filme bateko protagonista bilakatu daiteke.
Torralba: Badago filma bat urtero jartzen duguna, “Troops” izenekoa, “Policias” telesailaren parodia dena. Oso barregarria da, baina mentalitate itxiko fan bati ez zaizkio horrelako gauzak gustatzen, jatorrizko filmetatik harago doazelako.
Ric: “Love wars” izeneko bat ere proiektatu genuen behin, tropa galaktikoko bi kideren arteko harreman homosexuala jorratzen zuena. Guri sekulakoa iruditu zitzaigun, “fundamentalistei” horren polita iruditzen ez zaien arren. Baina niri bost.
Bostgarren edizio bat egongo da?
Torralba: Noski! Jarraitu eta hazteko asmoa dugu. Badugu arestian aipatutako 501 Legioa ekartzeko asmoa, udalari diru-laguntza eskatuta.
“Izugarria litzateke San Pedropekoetan tropa galaktikoek girotutako kalejira bat egin ahal izatea, umeek asko gozatuko lukete”
Modu horretan herriko jendeari Orbekon egiten diren ekintzen berri eman ahalko genioke, gainera.
Ric: Aipatu beharra dago Latinoamerikako zein Estatu Espainiarreko jende ugarik laguntzen digula filmei azpi-idatziak jartzen. Kartelaren diseinua Avilako lagun baten egiten digu. Noizbait baloratu ahalko genuke azpi-idatziak, gazteleraz jarri ordez, euskaraz jartzea. Niri primeran irudituko litzaidake!