Laudioko igeriketa taldea prest da asteburu honetan izango den Euskadiko txapelketarako. Igeriketa taldeko kimu-kategoriako zazpi igerilari joango dira Santurtzira, bertan lehiatzeko markak gainditu ostean.
Euskadiko txapelketaz gain, Espainiako kimu-kategoriako txapelketa lehiatzeko prestaketak egiten hasi da Igeriketa kluba. Oraingoz taldeko hiru igerilari joango dira eta Euskadiko txapelketan Espainian lehiatzeko markak hobetuz gero, baten bat gehiago animatzea espero du klubak.
Oraingoz Maier Salazar, hiru probatan, Deiane Duarte, proba batean eta Beñat Gutierrez, bi probatan dira parte hartzekoak Madrilen izango den Espainiako txapelketan.
Laudioko igerilarien maila gora doa
Nabarmena da Laudio Igeriketa klubeko igerilarien hobekuntza. Euskal Herriko gazte txapelketan Mikel Lopezek bi brontzezko domina lortu zituen eta Mikel Ibarretxek bat eta haur-kategorikoan Iraitz Duartek ere brontzezko domina lortu zuen. Taldeko federatu gehienek Euskadiko txapelketan lehiatzeko gutxiengo markak lortu dituzte baita.
Eskolarteko mailan, Laudioko igerilariek lehen postu asko lortu dituzte Arabako txapelketan, haien lanari esker. Gainera, denboraldian zehar, marka ezberdinak hobetzeko aukera ere izan dute, haietako asko 1988. urtetik hobetu ez zirenak: Borja Samaniegok, 11 urtekoak, 100L eta 100M probatakoak, Deiane Duartek, 11 urtekoak, 100M probakoa eta Maier Salazarrek, 12 urtekoak, 100M probakoa.
Laudioko Igeriketa klubeko harrobiko igerilariek emaitza bikainak lortu zituzten aurreko maiatzaren 28an, Euskadiko eskolarteko txapelketan, guztira urrezko sei domina, zilarrezko hiru domina eta brontzezko beste 3 domina lortuz.