Laudioko Udaleko Gizarte ongizate, osasun eta lankidetza arloak 202 elkarbizitza unitate edo familia lagundu ditu 2015. urtean gizarte-larrialdietarako laguntza programa barruan. Orotara, babesgabeko pertsonei eta familiei laguntzeko udal programa horrek 388 pertsona barne hartu ditu, herriko populazioaren %2,11.
Laguntzek bermatzen dituzte oinarrizko bitartekoak Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta, DSBE jaso ez dutenentzat. Horrela, diru-laguntza hori kobratzen ez dutenek baina babes gabezi egoeran aurkitzen diren pertsona eta familiek beraien beharrizan premiazkoenak ase ditzakete.
Onuradunek bermatu behar dute 18 urte gorakoak direla, Laudion bizi direla eta, gutxienez, EAEko udalerri batean 6 hilabetez erroldatuta egon direla eta gizarte bazterkeriaren aurkako legeak zehazten dituen oinarrizko gastuei aurre egiteko errekurtso nahikorik ez dutela.
Eskaeren gorako joera eta murrizketak Eusko Jaurlaritzaren aldetik
Isabel Bovedak, Gizarte ongizate, osasun eta lankidetza arloko zinegotziak eskainitako datuen arabera, laguntza beharrek gorako joera nabaria azaldu dute azken lau urteetan. 2012. urtean 92 familia lagundu zituzten, 120 2013an, 130 2014an eta 202 2015ean.
Erabilitako aurrekontu-sailak berriz, ez du bilakaera berdina izan eta azken urteetan geldituz joan da. 2015 urtean 225.000 euro erabili dira 202 kasu laguntzeko, 2014an 223.000 erabili ziren 130 kasuri aurre egiteko, 183.000 2013an 120 kasutarako eta 150.000 2012an 92rako.
2015ean emandako laguntzen ia %90a Eusko Jaurlaritzak emandako bitartekoekin bideratuko da, 202.274 euro. Diru-sailaren gainerakoa, 22.726 euro, Laudioko udalak finantzatu du.
2016 urterako 195.958 euroko diru-partida iragarri berri du Eusko Jaurlaritzak, %3,12ko jaitsiera izango duena. “Beharrek gora egingo dutela iragarri daiteke erraz eta ondorioz Udalak, ahal duen neurrian, orain arte baino diru-partida handiagoa erabili beharko du” adierazi du Isabel Bovedak horren harira.
Babesgabeko pertsona eta familientzako laguntzak
DSBEtik eta Gizarte-larrialdietarako laguntzen baldintzetatik kanpo geratzen diren babesgabeko pertsona eta familiei laguntzeko programei dagokienez, 2015ean lagundutako kasuen balantzea aurkeztu du ere Isabel Bovedak.
16 urte bitarteko adingabekoak dituzten elkarbizitza unitate edo familientzako eskolatze diru-laguntza osagarriak eta beka aurrerakinak bideratzeko programaren bidez 36 kasu lagundu dira, 50 haur orotara.
DSBErako erroldan behar den antzinatasuna ez duten 19 familia lagundu dituzte eta beste 18 DSBE galdu eta berreskuratu bitartean aurkitzen direnak, beti ere DSBE galera arduragabekeriagatik gertatu ez dela bermatuta.
Gizarteratzeko ibilbideetan prestakuntza jasotzen ari diren 10 pertsonak prestakuntza zentroetarako joan-etorrietarako diru-laguntzak jaso dituzte.
Programak aurreikusten dituen beste hainbat egoeratan, estimulazio goiztiarra edo psikoterapeutikoa behar duten haurren tratamendua, familia inguru egokirik gabeko gazteak, menpekotasun ohitura kentzen ari diren pertsonak eta genero indarkeriaren biktima izandako emakumeak, kasu bana lagundu dute.