"Nota ikustean negarrez hasi nintzen! Ez nuen halakorik espero"

Erredakzioa 2016ko eka. 23a, 10:21

IRENE LUENGAS (LAUDIO, 1998) eta ERLAITZ GÓMEZ (LAUDIO, 1998) aurtengo selektibitatean 13,952 eta 13,796 puntu lortu dituzte, hurrenez hurren. Luengasek EAEko notarik altuena lortu du eta datorren urtean bioteknologia ikasteko asmoa dauka. Gómezek, berriz, fisika eta ingeniaritza elektronikoan gradu bikoitza egingo du. Laudio BHIko bi ikasleek Ohorezko Matrikula jaso dute batxilergoko emaitzengatik. Irailean goi mailako ikasketei ekingo diete EHUko Leioako kanpusean.

IRENE LUENGAS (LAUDIO, 1998) eta ERLAITZ GÓMEZ (LAUDIO, 1998) aurtengo selektibitatean 13,952 eta 13,796 puntu lortu dituzte, hurrenez hurren. Luengasek EAEko notarik altuena lortu du eta datorren urtean bioteknologia ikasteko asmoa dauka. Gómezek, berriz, fisika eta ingeniaritza elektronikoan gradu bikoitza egingo du. Laudio BHIko bi ikasleek Ohorezko Matrikula jaso dute batxilergoko emaitzengatik. Irailean goi mailako ikasketei ekingo diete EHUko Leioako kanpusean.

Zer sentitu zenuten lortutako emaitzak ikustean?

Luengas: Negarrez hasi nintzen! Ez nuen halakorik espero. 

Gómez: Nik ere ez nuen sinetsi. Ostegunean jasoko genituela esan ziguten, baina ni asteazken gauen sartzen saiatu nintzen, eta ezin izan nituen emaitzak ikusi.

Espero zenuten?

G: Inondik inora. Biok nota altua behar genuen nahi genuen unibertsitate ikasketak egiteko, baina ez genuen espero.

Irene, noiz enteratu zinen EAEko notarik altuena lortu zenuela?

L: Etxean nengoen eta aitak esan zidan institututik deitu zutela, EHUtik nirekin hitz egin nahi zutela. Ostiralean esan zidaten. Harritu ninduen.

Urduritasuna etsairik handiena dela diote, baina ematen du ezin izan zuela zuekin!

G: Nire kasuan urduri nengoen, batez ere, lehenengo azterketa baino lehen, gaztelania eta literaturarako proban. Hori egin ondoren lasaitu nintzen.

L: Lehenengo eguna da gogorrena, azterketa zailenak egun horretan izaten dira: gaztelania, filosofia, fisika, biologia... Gaztelaniakoa da zailena, nire ustez. Bigarren eta hirugarren egunetan ni ere lasaiago nengoen.

"Lehenengo eguna da gogorrena, azterketa zailenak egun horretan izaten dira"

Zein da okerren egin zenuten azterketa?

L: Nire kasuan biologia. Probatik sentsazio negatiboarekin atera nintzen, baina azkenean 9,5 puntu lortu nituen.

G: Nik gaizkien egin nuena euskarakoa izan zen. Beste irakasgai batzuen prestaketan zentratu nintzen eta hori alde batera utzi nuen. Aurreko egunean eta autobusean birpasatu nuen apur bat, lokailuak eta esapide batzuk berrikusi nituen. Azkenean, 9 atera nuen.

Nola prestatu zenuten froga? Zein da gakoa?

G: Nire kasuan urtean zehar laburpenak egiten joan nintzen, buruz ikasi beharreko irakasgaietan, batez ere, filosofian adibidez. Dena ondo prestatu eta azken bi astetan gogor ikasten ibili naiz.

L: Ni azken asteetan indartze klaseetara joan naiz institutura.

"Irakasleen aldetik ere laguntza handia jaso dut, hori ere asko eskertu dut."

Aurreko prestaketa handia da, baina azken momentuan asko ikastea ere beharrezkoa da. Zerbait safrifikatu duzue?

L: Urtean zehar ez dut asti askorik izan nahi nuen liburu bat irakurtzeko, adibidez.

"Azken bi asteetan nire lagunek ez naute ikusi!"

G: Nire kasuan esan behar dut liburutegian etxean baino denbora gehiago eman nuela azken egun horietan.

Eta zein da orain zuen udarako plana?

G: Gidabaimena ateratzeko autoeskolan eman dut izena. Horretaz gain lagunekin Benidormera joango naiz astebete. Disfrutatzera!

L: Niri Irlandara joateko beka egokitu zait.

Aisialdia ere garrantzitsua da.

L: Bai, jakina. Nik lagunekin ibiltzea gogoko dut eta gitarra jotzen dut, deskonektatzen laguntzen dit.

G: Ni futbolean aritzen naiz eta hurrengo urteetan ere jarraitzeko asmoa daukat.

"Egun osoan ezin zara ikasketetan pentsatzen egon, ez da ona."

Hurrengo urteari begira gogotsu zaudete? Noiz erabaki zenuten hori ikasi nahi zenutela?

L: Bai, gogotsu nago baina badakit ez dela erraza izango. Nik DBHtik izan dut argi. Biologia klasean terapia genikoak landu genituen eta momentu horretan erabaki nuen, asko gustatu zitzaidan.

G: Erronka izango da, baina gogoekin hartuko dut. Nire kasuan aurten erabaki dut. Betidanik izan dut argi ingeniaritzarekin harremana zuen zerbait ikasi nahi nuela, baina ez nekien gradu bikoitz hau existitzen zenik.

Zer esango zeniokete hurrengo ikasturtean batxilergo bigarren maila hasiko duen norbaiti?

L: Klasean adi egotea. Ni ez naiz adibiderik onena, batzutan hodeietan ibiltzen naizelako, baina klaseko azalpenak ondo ulertuta, ikasteko fasea errazagoa da.

G: Nire gomendioa da apunteak eguneratuta izatea. Laburpenek asko laguntzen dute ikasterako orduan, batez ere, gai teorikoetan. Matematika eta horrelakoetan praktika da gakoa.

Dena den, pertsona bakoitzak gaitasun jakina du. Batzuk onak dira buruz ikasten eta beste batzuek ulertu behar dituzten gauzak.

"Bakoitzak bere burua ezagutu behar du."   

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide