Aniztasun eta identitate sexualaren aldeko adierazpena egitea proposatuko du EH Bilduk udalbatzan

Erredakzioa 2016ko eka. 27a, 08:00

Laudioko EH Bildu udal-taldeak aniztasun eta identitate sexualaren aldeko adierazpena instituzionala egitea proposatuko du ekainaren 27an, LGTBI eskubideen aldeko nazioarteko egunaren bezperan,  egingo den udalbatzan

Laudioko EH Bildu udal-taldeak aniztasun eta identitate sexualaren aldeko adierazpena instituzionala egitea proposatuko du ekainaren 27an, LGTBI eskubideen aldeko nazioarteko egunaren bezperan,  egingo den udalbatzan

Diskriminazioa

Adierazpen proposamenak lesbiana, gay, bixesual, transexual, transgenero eta intersexualek oraindik ere pairatzen dituzten diskriminazio egoerak utzi nahi ditu agerian “zenbait kasutan bestelako diskriminazio egoerekin batu dira eta baztertze egoera larrietan utzi ditu” gaineratuta.

Horren harira, Euskal Herrian bertan ematen diren egoeran aipatzen ditu testuak: “etorkin ez heterosexualak; pobrezian bizi diren emakume lesbianak; beltzak eta transexualak direnak; familia nuklearrean oinarritutako bizi ereduekin bat egiten ez duten pertsonak; generorik gabeko identitateak dituztenak; etab. Arrazoi ezberdinengatik dira diskriminatuak pertsona hauek: arrazoi sozioekonomikoengatik eta baita genero arrazoiengatik ere”.

Homofobia, lesbofobia, transfobia

Adierazpenak homofobia, lesbofobia zein transfobiaren ondorioz gertatzen diren erasoak egunerokoak direla azpimarratzen du; kalean gertatzen diren eraso fisiko zein ahozkoetatik harago Euskaltzaindiak generoaren arabera egiten duen izenen katalogazioa, familia eredu bakarraren inposizioa bermatzeko ematen den eskubide urraketa edo liburu eta eduki multimedia sexisten hedapena ere salatzen ditu.

Nazioartean hainbat herrialdetan sexu askatasunaren aurka hedatzen ari diren legediak ere aipatzen ditu adierazpenak, giza eskubideen kontrako eraso gisatzat hartuta.

Elkartasuna eta kontzientzia

Bide batez, elkartasuna ardatz izango duen kontzientzia aldarrikatzen du adierazpenak, GLBTI kolektiboarekiko aurreiritziak, fobiak eta gorrotoak desagerrarazteko. “Alor guztietan ezinbestekoak diren lege eta gizarte aldaketak eginda: hezkuntzan, osasungintzan, komunikabideetan edota herritar askatasunetan. Horretarako ezinbestekoa izango da ahalduntze politikak bultzatzea gizarteko sektore ezberdinetan” gaineratzen du adierazpenak.

Politika instituzionalak eta baliabideak

Erakundeei dagokienez, azpimarratzen du oinarrizko askatasun printzipioaren barruan LGBTI kolektiboaren eskubide politiko, ideologiko eta zibilak babestuko dituzten politika instituzionalen garrantzia.

Mobilizazioak

Azkenik adierazpenak Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan ekainaren 28an deitutako mobilizazioekin bat egiteko deia luzatzen du.

Ekainean zehar ugariak dira Euskal Herrian deitutako ekimenak. Ekainaren 28an manifestazioak egingo dituzte Bilbon Moyua plazan 19:30ean, Gasteizen Ama Zuria plazan 20:00etan, Donostian Bulebarrean 19:30ean eta Iruñean Autobus geltoki zaharrean 20:00etan.

Jaialdiei dagokienez  Miarritzen 18an ospatu berri da “Lesbian & gay pride” jaialdia eta Bilbon 23tik 26a bitartean “Bilbao pride” programa burutuko dute bertoko alde zaharra eta Bilbo zaharreko ostalari elkarteek eta Bilboko promoziorako erakundeek antolatuta. Basaurin berriz “Beste sexualitateak”  zine zikloa burutzen ari dira Sozial Antzokian EGHAMen eskutik ekaineko ostegunetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide