Ibone Sanchez laudioarrak egun borobila izan zuen larunbatean, egun bakar batean bi triatloitan emaitza bikainak eskuratuz. Lehenbizi, goizean Aritzalekuko triatloian hartu zuen parte, bertan garaipena lortuz eta arratsaldean Lekeitioko Euskadiko triatloi txapelketan hartu zuen parte, Euskadiko txapelketan garaituz.
2.250 metro igerian, 61 kilometro bizikletan eta 15 kilometro korrika
Sasoi onean dagoela erakutsi du Laudioko triatloilariak egun berean bi triatloi burutuz. Goizean Nafarroako Aritzalekuko triatloian olinpiar kategoriko proba zuen aurretik. Espainiako txapelketan sailkatzeko proba zen eta guztira 1.500 igerian, 40 kilometro bizikletan eta 10 kilometro lasterka zituen aurretik .
Goizeko 9tan hasi zen lasterketa eta hasieratik buruan jarri zen Ibone. Haren jarraitzaileek ez zuten batere estutu laudioarra eta 2 ordu 27 minutu eta 44 segundutan bete zuen ibilbidea, bigarrenari 2 minutu terdi baino gehiago ateraz.
Proba amaitzean 160 kilometro egin behar izan zituen Lekeitiora joateko, arratsaldean Euskadiko triatloi txapelketan parte hartu ahal izateko. Lehiaketa Sprint kategoriakoa zen, guztira 750 metro igerian, 21 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika egin behar zituzten kirolariek.
Bertan mundo mailako hiru triatloilarik hartu zuten parte eta azkenean laugarren postuan sailkatzea lortu zuen laudioarrak, nazioarteko triatloilarien atzetik, eta beraz Euskadiko txapelketa eskuratuz.