Udalak bidalitako aginduan bi mailako neurriak exijitu dira.
Alde batetik, jabeek eraikuntzaren finkatze osoa egin beharko dute, goi mailako tekniko batek proiektua egin beharko du horretarako. Teknikoak erabaki beharko du lanen tamaina, egoeraren diagnostiko zehatza egin eta gero. Proiektu hori osatzeko hilabeteko epea izango dute jabeek.
Bestalde,, hainbat premiazko lan eskatu dira segurtasuna bermatzeko: fatxada nagusia eta teilatu hegalak mugarritu beharko dituzte jabeek eta sortu den zuloa estali beharko dute ur gehiago sar ez dadin. Lan horiei ekiteko epea astebetekoa da.
Goikoetxe Baserria ondare monumentala da
Aretako Goikoetxe baserria kultur-ondare izendatu zuten, eta, ondorioz, monumentu kategoria du. XVII. mende bukaeran edo XVIII. mende hasierakoa den baserria jabego pribatukoa da eta oso egoera txarrean dago gaur egun.
Laudioko Udalaren era Foru Aldundiaren teknikarien bisitak
Ekainaren 4an Udaltzaingoak txostena egin zuen baserriaren fatxadaren zati bat askatu zela jasotzeko. Gero, udal arkitektoek ikuskapen bisita egin zuten eta baserriaren inguruan balizak jarri zituzten kalteak ekiditeko.
Astebete beranduago ikuskapen bisita berria egin zen. Bigarren bisita hori Arabako Foru Aldundiaren Ondare Historiko eta Arkitektoniko Zerbitzuaren bi arkitektorekin batera egin zuen Laudioko Udalak.
Goikoetxe baserriak egonkortasun bermerik ez duela ondorioztatu zuten; bere egoera txarra da eta fatxadako zati gehiago erotzeko eta errepidera jausteko arriskua dago, alegia.
Gauzak horrela, gauzatze agindua bidali die udalak baserriko jabeei, segurtasun arrazoiengatik eta kultur ondarea babesteko helburuarekin hainbat neurri hartzeko aginduta. Izan ere, monumentu izendatutako ondare baten jabe direnak monumentua babestu eta zaintzera behartuta daude legez.