Lamuzako Guraso Elkarteak 12 ordutako futbol Saioa antolatu du larunbat honetan Lamuza eskolan. Partidak goizeko 9tan hasi eta arratsaldeko 9ak arte egongo dira eta bertan parte hartze handi bat espero da.
80. hamarkadan hasi zen egiten txapelketa hau, baina lehen 24 ordukoa izaten zen. Aiaraldeko jende ugari mugitzen zuen lehiaketak eta egun oso bat egoten ziren futbolean jokatzen. Orain dela urte batzuk galdu egin zen baina iaz Lamuzako gurasoek ideia berreskuratu eta 8 orduko saio batetik, aurtengo 12 ordutako saiora pasa dira.
Laudioko ikastetxetako kideek ere parte hartuko dute
Adin mugarik gabeko txapelketa antolatu dute, bertan ikasle, ikasle ohi, guraso eta norbanakoek hartu dezakete parte. Hala ere ordu batzuk iada beteak dituzte, herriko ikastetxe ezberdinetako kideekin.
Lamuzako eskolaz gain, Latiorro ikastetxea, Aretako eskola, Laudio Ikastola, La Milagrosa eta ikasle ohiek hartuko dute parte.
Saririk ez da egongo, baina babesle ugarik opariak emango dizkie parte hartzaileei. Horrez gain, egunean zehar, umeentzat txoko bat jarri du antolakuntzak eta musika eta edan eta jateko txosna bat ere egongo da.