Pasa den asteburuan Amorebietako rallysprinta jokatu zen eta Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiolak bi puntu besterik ez zuten lortu lasterketan, aurretiko ustezko ibilbidearen azterketa baten ondorioz, hiru minutuko zigorra jaso baitzuten.
Zurrumurruen aurrean, bikoteak argi utzi nahi izan du gertatutakoa
Aingeruk eta Alaitzek, sare sozialetan argitaratutako komunikatu batekin, egoera argitu nahi izan dute. Hasiera batean, proba ezagutzeko egunaren aldaketa eskatu behar izan zuten, egun horretan beste lasterketa bat baitzuten eta azkenean lasterketaren aurreko larunbatean egin behar izan zuten ibilbidearen ezagutza.
Egunean bertan polizia eta suhiltzaileak pertsona galdu baten bila ari ziren ibilbidearen zati batean eta ezin izan zuten behar bezala bidea ezagutu, une oro bilaketan ari ziren autoak ikustean pasabidea libre utziz.
Horren ostean, ostegunean Aingeruk Zornotzatik pasatzean, bertatik pasatzea erabaki zuen egoera nola zegoen ikusteko, baina gaua izanik ez zien antolakuntzakoei deitu eta udaltzainek haren matrikula hartu zuten ibilbidetik zihoanean.
Lasterketaren egunean, antolatzaileek hiru minutuko zigorra jarri zioten bikoteari legez kanpoko ibilbidearen azterketa batengatik. Hori dela eta, Aingeruk eta Alaitzek eskerrak eman dizkie babesa eskaini dioten orori eta lanean jarraituko dutela txapelketa irabazteko
Zigorraren ondorioz, txapelketa estutu egin da
Amorebietako rallysprintaren aurretik Aingeru eta Alaitz jaun eta jabe ziren sailkapen orokorrean baina asteburuan jokatutako rallyan, haien jarraitzaileek sailkapeneko lehen postuak lortu eta erabat estutu dute, lehen bigarrenarekiko 39 puntu izatetik, orain bederatzi puntuko distantzia izatera.