Ibone Sanchez laudioarrak garaipena eskuratu du Ondarroan jokatutako Euskadiko triatloi txapelketan. Larunbatean jokatu zen proba eta Ibonek helmuga lehen postuan gurutzatzea lortu zuen Helene Alberdi eta Estefania Gomezen aurretik.
Triatlolari laudioarrak bigarren postuan ekin zion bigarren zatiari, uretatik atera ondoren eta bizikletako atalean hirugarren denborarik onena markatu zuen. Hala eta guztiz ere, korrika egiteko azken zatian denborarik onena egin eta garaipena lortu egin zuen, bigarren sailkatuari ia minutu bat aterata.
Triatloiaren proba olinpikoa, Euskadin egiten den luzeena
Nahiz eta Ironmanak eta Ironman erdiak luzeagoak izan, Euskadin egiten den proba luzeena olinpikoa da. Ondarroan izandako lasterketan korrikalariek 1.500 metroko igeriketa proba izan zuten, 35,5 kilometroko bizikleta zatia eta 10 kilometroko korrikaldia. Guztira, gutxi gorabehera, bi ordu behar izaten dute kirolariek ibilbidea amaitzeko.
Sailkapena:
1 IBONE SANCHEZ GARMENDIA, Diablillos de Rivas 2:09:57
2 HELENE ALBERDI SOLOLUZE, Yepá. Natación, running, triatlón 2:10:55
3 ESTEFANIA GÓMEZ VILLANUEVA, independientea 2:13:22