Udaltzainen eginkizunean tokikotasuna duen garrantzia aintzat hartuta, udalak herriko lan poltsara jo izan du orain arte ordezkapenak eta zerbitzua indartzeko.
Aurreko lan publiko eskaintzatik datorren lan poltsa da hori, baina agortuta dago jadanik eta ia ezinezkoa da udalarentzat poltsa horretara jotzea.
Beste udal batzuen lan poltsak ere erabili izan dira, baina lan eskaintza publikoak leku guztietan oso urriak direnez, horiek ere agortzen ari dira.
Gauzak horrela, eta udan udaltzaingoa indartzea beharrezkoa denez, Laudioko Udalak Arkaute Euskal Polizia Akademiarekin hitzamena egin du, bertako lan poltsa erabiltzeko.
Etorkizunean lan eskaintza publiko berria
Adierazi dutenez, lan eskaintza publiko orokorra negoziatzen ari da Udala gaur egun, udaltzainak bakarrik ez, bestelako postuak ere barne hartuko dituena. Oraindik ez dago zehaztuta zenbat lan postu eta zeintzuk eskainiko diren.