ANTONIO ALDAMA TEJADAk (Laudio, 1934) bizitza osoa darama oihal zurietan paisaia koloretsuak osatzen. Makina bat erakusketa egin ditu. Azkena, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan. Bere tailerreko ateak ireki dizkigu.
Laurogei urte baino gehiago dituzu, baina ez diozu pintatzeari utzi.
Noski jarraitzen dudala margotzen! Lehen baino askoz gutxiago, baina jarraitzen dut. Lehen bazeuden egunak zeintzuetan 10-12 ordu pasatzen nituen pintatzen. Orain ezin naiz bi orduz jarraian egon, besoak huts egiten didalako. Makil bat erabiltzen dut besoa sostengatzeko.
Erritmoa bai, baina zure koadroek jorratzen dituzten gaiak ez dira asko aldatu.
Ez dut gai zehatzik. Denetarik egiten dut nik, bodegoia izan ezik, pintura mota hori ez baitzait inoiz gustatu. Orain dela gutxi Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan itsasadarrari buruzko erakusketa bat egin dut, baina baditut Laudio, Bermeo, Delika edota Aiarako koadroak ere (tailerrean dituen koadroak seinalatzen ditu). Denetarik dago.
Eta eskualdeko paisaia bat aukeratu beharko bazenu, zein hautatuko zenuke?
Laudion bazeuden pintatzeko lauzpabost auzo polit. Gaur egun desagertuak daude.
Antzinako diapositibak erabiltzen dituzu koadroak egiteko. Gaur egungo errealitatea ez da koadrotan azaltzeko modukoa?
Gaur egungo paisai gehienak ez dira margotzeko egokiak, ez dute antzinako paisaiek zuten kalitate kromatikoa.
Ibilbide luzea egin duzu orain arte. Nola hasi zinen bide hori egiten?
"Erabat autodidakta naiz ni. Etengabe margotuz garatu dut trebetasuna"
Askotan kontatu izan dut istorio hau. Anai bat daukat, ni baino hamar urte gazteagoa dena. Gabonetan belen batzuk egiten nizkion. Egurrez tailatu eta margotu egiten nituen. Egun batean nire aitaren lagun bat etorri zen, Bilbotik. Belenak ikusi zituenean galdetu zuen: “Nork egin du hau?”. “Nik”, erantzun nion. Margotzeari ekin behar niola esan zidan orduan.
Pintatzeko materiala ekarri zidan eta Biarritz tabernaren parera eraman ninduen. Etxe zahar eta polit batzuk zeuden han. Marrazkiaren zirriborro bat egin eta osatzeko esan zidan. Eta horrela hasi nintzen. Dakidan guztia nire kabuz ikasitakoa da.
Ordutik gaur egun arte bilakaera handia egin duzula uste duzu?
Eboluzio handia izan da, aspektu guztietan. Marrazketan nahiko trebea izan naiz beti, eta ez dut arazorik izan. Nire koadroen kolorea, baina, oso ezberdina zen duela bizpahiru urte. Begi-lausoen operazio bat egin nuen eta horrek erabat aldatu zuen nire koloreekiko pertzepzioa. Orain askoz argitasun handiagoarekin margotzen dut. Margotzeko gaiak ez ditut inoiz faltan izan. Gai berriak topatzeko berezko sena izan dut.
Margolari izango ez bazina zer izango zinatekeela uste duzu?
Zorigaiztoko bat! Pinturak dena eman dit niri, dena da niretzat. Arazoren bat nuenean tailerrera etorri eta berehala desagertzen zitzaidan.
Beste erakusketarik egitea duzu buruan?
Erakusketen afera guztia nire suhia ari da antolatzen, ez dut nik kontrolatzen. Nik ez dut ia umorerik horrelako kontuekin aritzeko. Ez dakit zenbat erakusketa gehiago egin ahalko ditudan, lurperatzailearen baimenarekin jarraitzen baitut margotzen.
[video:https://vimeo.com/165559196]