“Tribua sortzea da edoskitze taldearen helburua”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko mai. 12a, 14:23

ESTIBALIZ GARMENDIA (Laudio, 1976) Laudioko edoskitze eta hazkuntza taldeen sortzaileetako bat da. Bi talde horien funtzionamenduaren inguruan mintzatu da.

Nondik sortu zen Laudion edoskitze talde bat egitearen ideia?

ESTIBALIZ GARMENDIA (Laudio, 1976) Laudioko edoskitze eta hazkuntza taldeen sortzaileetako bat da. Bi talde horien funtzionamenduaren inguruan mintzatu da.

Nondik sortu zen Laudion edoskitze talde bat egitearen ideia?

Laudion edoskitze talde bat sortzearen ideia nik bizitako amatasun esperientziatik sortu zen lehenbizi. Arazoak izan nituen edoskitzearen ezarpenaren hasieran, eta momentu horretan babesa jaso nuen gure osasun zentroko emagina den Olgaren eta edoskitzean zebiltzan hurbileko lagun batzuen eskutik. Ez nuen edoskitze taldeen funtzionamendua ezagutzen, baina amatasunak nigan suposatu zuen iraultzak eraginda, gai horren inguruko formazioa jasotzen hasi nintzen, edoskitze aholkulari moduan, besteak beste.

 

“Aholkulariak izateko formazioa jaso genuen hainbat emakumeren artean erabaki genuen taldea sortzea”

 

2014ko abenduaren 5ean egin genuen lehen bilera. Amen arteko sostengurako talde bat da eta, lau edoskitze aholkulari gauden arren, ez ditugu bilerak guk zuzentzen. Aurkezpen erronda batekin hasi ohi ditugu bilkurak, eta hortik aurrera hasten dira edoskitzearen inguruko elkarrizketak sortzen. Emakumeak datoz batez ere: beste emakume batzuen edoskitze esperientziak gertutik ezagutu nahi dituzten haurdunak, ama izan berri direnak edota zailtasunen edo dudaren bat dutenak. Badaude baita gaian interesa dutelako bertaratzen direnak ere, euren bizitzetan eragin dieten esperientzia on zein txarrak izan dituztelako.

 

Gure asmoa edoskitzea bultzatzea den arren bileretara ere bertaratu izan dira, hainbat arrazoi medio, titia eman ordez umeei biberoia ematen dieten emakumeak. Euren esperientziak ere opari bat dira taldearentzat.

 

Bilerak irekiak dira gaian interesa duen edonorentzat. Doakoak dira, eta ez daude zuzenduak. Sortu daitezkeen kontsulta guztietara zabaldutako espazioa da, baina bada baita pertsona bakoitzak kontatu nahi dituen esperientziak jasotzeko balio duen gune bat.

 

 

“Oso ohikoa da amek eta aitek hazkuntzaren harira jasotzen ditugun presioen gaineko elkarrizketak sortzea, izan biberoia erabiltzeagatik edo haur helduagoei titia ematen jarraitzegatik, adibidez”

 

 

Beharrezkoa iruditzen zait taldeak sare edo tribu eraikitzaile bezala betetzen duen funtzioa. Pertsona asko gara errealitatetik oso urrunduak dauden itxaropen askorekin iristen garenak amatasunera. Buruan aurretik sartua daramagu gure bizitzako etaparik zoriontsuenean sartuko garenaren ustea; eta, hainbat arrazoi medio, horrela ez bada, oso zaila suertatzen da “atsekabe” hori adieraztea, erruak hartzen baitu protagonismoa.

 

Etapa berri horretako emozioak adierazteko sare bat izatea nahikoa da batzuetan edoskitzea arrakastatsua izan dadin.

 

“Uste dugu amen edoskitzea emakumeek, seme-alaben, familien eta, oro har, komunitatearen ondarea eta osasun publikoaren funtsezko afera bat dela”

 

 

Horregatik, osasun babesa oinarrizkoa den arren, edoskitzea ez da Osasun Sistemaren konpetentzia hutsa. Horregatik dira garrantzitsuak amatik amarako babes taldeak.

 

Zeintzuk dira, zuen ustez, amagandiko edoskitzeak dituen abantailak esnea emateko beste modu batzuekin (biberoia...) alderatuta?

Zientifikoki frogatua dago amagandiko edoskitzea dela egokiena gure espeziearentzako. Begien bistakoa den zerbait da hori. Zentzugabea irudituko litzaiguke ardi esnea ematea txahal jaioberri bati, behi esnea izanda. Berdina gertatzen da gizakien kasuan, gu ere ugaztunak baikara. Ez zaigu gustatzen amagandiko edoskitzea hobeagoa dela esatea, horrek aditzera ematen duelako beste edoskitze motak ere onak direla. Guk alderantziz diogu: amagandiko edoskitzea ez den edoskitze oro txarragoa da.

 

Zaila da halakoak esatea, badaudelako horrelako adierazpenen aurrean minduak edo irainduak sentitu daitezkeenak. Baina erabaki pertsonalekiko errespetua dago beste edozeren gainetik.

 

“Ama eta aita bakoitzak erabaki behar du zer den onena bere seme-alabentzat, eta nik neuk uste dut gure umeek gehien behar dutena guraso lasaitu eta zoriontsu batzuk direla, izan titia ematen edo biberoiarekin”

 

Hori esanda, hor daude Munduko Osasun Erakundearen, UNICEFen, mediku elkarteen... gomendioak. Ebidentzia zientifikoa argia eta aho-batekoa da.

 

Edoskitze taldetik beste talde bat sortu duzue: hazkuntzakoa. Zer dela eta? Zertan datza mota horretako talde bat?

Edoskitze taldetik sortu da hazkuntzarena. Ondorio natural bat da. Edoskitze taldean galdera asko egiten dira ez daudela edoskitzearen aferara hertsiki lotuta. Positibotzat hartu genuen bi espazioak bereiztea, edoskitze taldeari bere gunea emateko eta bestelako hausnarketak edota eztabaidak garatzeko talde berri bat sortzeko.

 

Hazkuntza taldea doakoa da baita eta interesa duten pertsona guztiei zabalik dago. Seme-alabak hezteko moduaren inguruan antzeko kezkak ditugun aita eta amak gerturatu ohi gara talde horren bileretara. Edoskitze taldean bezala, esperientziak, informazioa, satisfazioak, frustrazioa batzuetan... elkarbanatu egiten ditugu.

 

Nolakoa izan da bi taldeek orain arte izan duten harrera?

Bildu ginen lehenengo aldian emakume bakarra gerturatu zen, gaur egun 40 baino gehiago dira taldetik pasa direnak. Oso positiboki baloratzen dugu izandako harrera, pribilegio bat da bizitzako horren une garrantzitsu eta erabakigarriak konpartitu ahal izatea.

 

Nola hartu daiteke parte talde horietan?

Interesa duen edo beste ama eta aita batzuen sostengua behar duen edonor etorri daiteke bileretara. Ez dugu inolako baldintzarik jartzen, guztiz irekia da.

 

“Edoskitze taldea hilabeteko lehen larunbatean biltzen da, 11:00etatik 13:00etara, Laudioko Kultur Etxean. Hazkuntza taldea, berriz, hilabeteko hirugarren ostiralean batzen da, 17:00etatik 19:00etara, toki berean”

 

Hortaz gain, edoskitze aholkulari formazioa jaso dugun lau kideok gure telefonoak prest ditugu beti, kontsulta azkarrei erantzuteari begira.

 

Ikusi amatasunari eta erditzeari buruzko ERREPORTAJEA hemen.

 

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide