“Etxean erditzea ez da hobea edo txarragoa; gure hautua izan da”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko mai. 4a, 10:18

MAITE VEGA (Getxo, 1979) eta XABI ALTUBE (Laudio, 1977) hiru seme-alaba dituzte. Ospitalean izan zuten lehena, baina hurrengo biak etxean jaio dira, gurasoek hala erabakita.

 

[video:https://www.youtube.com/watch?v=jJfmncV1JjU]

 

Zer da erditze naturala? Zer du berezi?

MAITE VEGA (Getxo, 1979) eta XABI ALTUBE (Laudio, 1977) hiru seme-alaba dituzte. Ospitalean izan zuten lehena, baina hurrengo biak etxean jaio dira, gurasoek hala erabakita.

 

[video:https://www.youtube.com/watch?v=jJfmncV1JjU]

 

Zer da erditze naturala? Zer du berezi?

Vega: Niretzako erditze naturala batez ere bada medikuntzak ez interbenitzea behar ez denean. Nik erditze prozesua zerbait instintiboa izatea nahi nuen, gorputzak eta umeak behar duten erritmoa jarraitzea, animali guztiek egiten duten moduan. Horretan sinisten dugu. Gure lanagatik ere horrela bizi ditugu gauzak. Medikuntza erabiltzen dugu, baina behar denean soilik. Ez dugu, adibidez, pilularik hartzen buruko mina dugun bakoitzean. Gorputzak zer behar duen entzuten dugu lehenbizi, eta gero lagundu egiten diogu.

Gure lehenengo semea Gurutzetan jaio zen. Esperientzia ona izan zen. Erditze plan batekin joan ginen, eta medikuek oso ondo errespetatu zuten eskatu geniena. Hala ere, ikusi genuen bazeudela hurrengoetarako hobetu zitekeen gauzatxo batzuk.

 

“Ni lasaiago nengoen etxean erditzearen ideiarekin”

 

Etxera datozen emagina batzuekin hitz egin genuen eta hasi ginen prozesuarekin. Elkarrizketa batzuk egiten dizkizute lehenbizi, eta haurdunaldian dena ondo baldin badoa etxean egin daiteke erditzea.

Zergatik erditu etxean ospitalean erditu ahal badaiteke?

Altube: Asko dira etxean jaiotzearen onurak. Guri familia bezala onura pertsonal ugari ekarri dizkigu, eta ugariak dira horrelako prozesuek jendarteari ekarriko lizkiokeen abantailak. Duela urte batzuk agian bai, baina orain ez dugu uste erditze modu bat beste bat baino hobeagoa denik. Hau izan da gurea. Ospitalean zein etxean izan ditugu seme-alabak, eta badakigu bi sistemen arteko ezberdintasunak zeintzuk izan daitezkeen.

Vega: Laguntzailearen papera ere garrantzitsua da etxeko erditzean. Niretzako hori izan zen laguntzarik handiena: Xabi egotea. Han zegoen bera, kontrakzio bakoitzean laguntzen. Kontrakzioak pasatzen zirenean hurrengo egunerako bazkaria prestatzera joaten zen. Umeak ere inguruan zeuden, jolastean, gosaltzen...

 

Emaginak umeekin jolasten pasatzen zuten denbora, erditzea ondo joanez gero berez ez dutelako ezer egin behar”

 

Altube: Polita da ikustea nola batzuetan ezer ez egitea zela garrantzitsuena. Emaginak sofatik behatzera mugatzen ziren sarritan, eta hori soilik egitearekin Maite lagundua sentitzen zen. Agian erratua egon naiteke, baina nik uste dut gaur egungo osasun sistema “gaixo-sistema” dela. Ez gaude osasunean laguntzera ohituak, normalean zerbait gaizki joateko prestatuak gaude. Beldur gehiegi ditugu gaur egungo gizartean.

Eskua gero eta gutxiago sartzea. Hori da gure bizitza filosofia. Eta etxean jaiotzeko modu honek bat egiten du ikuskera horrekin. Oso polita izan zen ikustea Izar jaio zenean (goizeko zortziak eta bost minututan) nola zeuden gure beste bi semeak gosaltzen. Maitek bere espazioa izatea eta ni beraien alboan egotea altxorra izan da.

Egon daiteke etxean erditzea arriskutsuagoa edota mingarriagoa dela uste duenik. Hala uste duzue zuek?

Vega: Mina etxean zein ospitalean erdituta egon daiteke, bizi duzun egoeraren araberakoa da. Ospitalean lehen semea epiduralik gabe erditu nuen eta mina izan nuen. Baina klinika batean zaudenean uhal batzuk jartzen dizkizute, eta makina bati lotuta zaude. Horrek zaildu egiten du mina kudeatzea. Etxean mugitu zaitezke, bainuontzi bat duzu... badituzu baldintza batzuk erditzea erraztu egiten dutenak.

 

“Nik ez dut uste etxean min handiagoa sentitzen duzunik. Alderantziz, etxean hobeto kudeatu dezakezu mina”

 

Baina horretarako prest egon behar duzu epidural gabe egoteko, eta argi izan mina egon egongo dela. Beno, edo agian ez. Badaude pertsona batzuk “erditze orgasmikoa” deritzona bizi dutenak.

Nik ez dut inoiz esango etxean erditzea hobeagoa denik. Ni seguruago sentitzen nintzen etxean erditzearen aukera hartuta, eta hori egin nuen. Baina beste emakume bat seguruago sentitzen bada ospitalean, aurrera. Nik uste dut jarraitu behar dela bakoitza zer bizitzen ari den eta nola sentitzen den hobeto eta seguruago.

Asko hitz egin dugu horren inguruan. Familian askotan azaltzen dira beldur horiek. Jende askok galdetzen du ea zer egingo dugun etxean erdituta zer edo zer gertatuz gero. Badakigu arazoak sortu daitezkeela, baina bizitzako beste hainbat uneetan bezala. Istripuak gertatzen dira, baina ehuneko oso txikia direla uste dugu guk. Istripuak istripu, uste dugu askoz lagungarriagoa izango dela etxeko giro hori bestea baino.

Baina Gizarte Segurantzak ez ditu mota honetako erditzeak babesten.

Altube: Hautu pertsonal eta familiarra izan zen etxean erditzea. Ni laguntzaile gisa ibili nintzen erditzeetan, eta badut horren gaineko iritzia. Bakoitzak libreki zein prozesu bizi nahi duen hautatzea, hori da niretzat erditze naturala.

 

“Polita litzateke ama bakoitzak erabakitzen duen moduan bizi ahal izatea erditzea, etxean edo ospitalean izan”

 

Gaur egungo errealitatea da oso ama gutxik erabakitzen dutela etxean erditzea, hainbat arrazoi medio. Nire ustez, errespetatu beharreko hautua da hori. Guk diru bat inbertitu behar izan genuen etxean erditzeko hautua egiteko, eta oso harro gaude horretaz. Nik pribilegio bat bezala ikusten dut gaur egun etxean eta familiartean erditzea. Baina garrantzitsuena zera da: emakume bakoitzak hautatzen duen prozesua errespetatzea, ospitalean izan edo etxean izan.

Vega: Emaginek kontatu izan digute berez gastu handiagoa dakarrela ospitalean erditzeak etxean erditzeak baino. Etxean baino askoz material gehiago erabiltzen da klinikan. Etxean erditzeak, beraz, asko merketu ahalko litzatekeen prozesu bat da.

Etxean erditzea zerbait handiagoren parte moduan ikusten duzue, ez?

Vega: Lehenengo semea izan genuenean ikastaro bat egin genuen berarekin. Garai hartan oraindik ez zegoen Laudioko edoskitze taldea osatuta, baina izan genuen horretan sakontzen lagundu izan gintuen pertsona bat.

Hazkuntzaren aferan oso murgilduak gaude. Umeak guri gauza asko irakasteko datoz. Eurekin gabiltza, etengabe ikasten. Laguntza handia da jendearekin konpartitzeko espazio bat egotea, horri buruz hitz egiteko eta ikasten joateko.

Altube: Komenigarria litzateke erditze naturalaren aldarria jendarte honek pairatzen ari dituen beste afera batzuekin lotzea.

 

Sistema ekonomikoaren esklaboak gara gaur egun, eta erditzearen kontua horri kontra egiteko modu bat bezala ikusten dut”

 

Lana bizitzaren azpitik jartzea. Umeekin egotea, umeez disfrutatzea, bizitzaz disfrutatzea, bere esklabo izan gabe.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide