Buruhandi eta erraldoi konpartsa berria abian jartzeko tailerra deitu du Basalarrinak

Basalarrina Kultura Elkarteak Laudioko Udalak eskuratu berri dituen euskal mitologian oinarritutako buruhandi eta erraldoien erabilpena bideratu eta dinamizatuko duen taldea jarriko du abian.

Taldea eratzeko lehen hitzordua maiatzaren 6rako, ostirala, iragarri dute arratsaldeko 6etan Laudioko plazan. Tailerrean pertsonaia berrien jantziak probatu eta bestelako kontu praktikoak lantzeaz gain, aurrera begira taldeak izango dituen egitasmoak mamitzen hasiko dira.

Basalarrina Kultura Elkarteak Laudioko Udalak eskuratu berri dituen euskal mitologian oinarritutako buruhandi eta erraldoien erabilpena bideratu eta dinamizatuko duen taldea jarriko du abian.

Taldea eratzeko lehen hitzordua maiatzaren 6rako, ostirala, iragarri dute arratsaldeko 6etan Laudioko plazan. Tailerrean pertsonaia berrien jantziak probatu eta bestelako kontu praktikoak lantzeaz gain, aurrera begira taldeak izango dituen egitasmoak mamitzen hasiko dira.

Izan ere, hurrengo egunean, larunbatean, buruhandi eta erraldoi berrien lehen agerraldia gauzatuko dute taldekideek Laudion bizi gara taldeak antolatu duen kulturarteko jardunaldian.

Euskal kultura

Basalarrina Elkartearen ekimenez, herriko hainbat elkarte eta ikastetxek abiatu zuten ekimena Udalak buruhandi eta erraldoi berriak erosteko. Azken Dolumin Barikuan aurkeztu ziren Mari eta Tartalo errraldoiak eta Nikolas, Sorgina, Akerbeltz eta Basajaun buruhandiak bestetik.

Basalarrina Elkarteak azaldu duenez, ekimenak helburu ezberdinak zituen. “Betiko buruhandi eta erraldoiak gaitzetsi gabe, faltan ziren euskal kulturari lotutako erreferentziak eta ondorioz, asmo berrietarako euskal mitologiaren pertsonaietan eredu hartzea proposatu zen” azaldu dute.

Jokamolde berriak

Honez gain, konpartsaren funtzionamendu bera eraberritzeko hausnarketa ere egin dute: “beldurrari,  jotzeari eta gizontasunari  lotutako  egungo buruhandien jokamoldeak zalantzak sortzen zituen,  bestelako eredua ez ote zen posiblea  izango: janzte publiko, elkar ukitze eta solasaren bitartez, beldurrean baino laguntasun eta maitasunean oinarritutako harremana bilatzea alegia.”

Euskara izango da azkenik ekimenaren ardatzetako bat, “solasaren ideia horri lotuta, euskararen  beharra zegoen, buruhandi berrien berbak euskara hutsez beharko zirelako” gaineratu dute.

Herriko taldeekin elkarlana

Erraldoi eta buruhandi berriak kalejiratan ateratzeko taldea dinamizatuko du Basalarrinak, herriko jai eta ekitaldi ezberdinetan konpartsaren parte hartzea bermatzeko talde zabala lortu nahi dutelarik.

Herriko talde ezberdinekin elkarlana sustatu nahi du Basalarrinak ekimenarekin, nahi duen orok beraien ekitaldietan erabili ditzan.
Konpartsak eskainiko dituen emanaldiak elikatu asmoz, eskualdeko kondaira eta herri ipuinen bilduma osatzeko asmoa du Basalarrina Elkarteak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide