Laudioko bi udal talde garrantzitsuenek akordioa lortu dute hainbat proiektu gauzatzeko. Besteak beste, Antzokia Altzarraten egiteko eta liburutegi berria Zubiko Etxera eramateko adostasuna lortu dute.
EAJ eta EH Bildu alderdiek “erakunde akordioa” gauzatu dute Laudioko hainbat proiektu estrategiko erdiesteko; indarrean dagoen legealdian eta etorkizunean. Horrek esan nahi du aurtengo aurrekontuen zirriborroa elkarrekin landu ez ezik, asmoa daukatela beste erakundetan (Arabako Foru Aldundian edo Eusko Jaurlaritzan, esate baterako) jarrera bateratua erakusteko.
Akordioaren ikurra Antzokia da. Bi alderdiek azaldu dute Altzarraten proiektua eraikitzeko urratsak emango dituztela herritarren nahiak entzun ostean.
Biek nabarmendu dute kokapen horrek betetzen duela laudioarrek eskatutakoa: 400 pertsona baino gehiagorako lekua, herrigunean egotea (270 metro dago Herriko Plazatik eta aparkalekuak eta tren geltokia alboan ditu) eta udalak ordaintzeko aukera izatea.
Berez, aurtengo aurrekontuen zirriborroan 220.000 euro bideratuko dituzte proiektua idazteko, aurreko ideiak ez baitu balio (15 milioi eurokoa zen).
Juanma Ibarretxe EAJko zinegotziak ziurtatu du legealdia bukatu baino lehen Antzokia eginda egongo dela eta behintzat nahiko aurreratuta inork bertan behera utz ez dezan egitasmoa.
Liburutegi berria Zubiko Etxean eta Zubiko Kurajoko obrak
Egitasmo horri lotuta daude Zubiko Kurajon eta Latiorron egin diren eta egingo diren zenbait inbertsio (geltokiko tunela, adibidez). Esanguratsuena Laudioko liburutegi berriarena izango da; Zubiko Etxera eraman nahi dute egungo zerbitzua eta bertan modernizatu; ikasgelak egin, teknologia berriei garrantzia eman, adinen araberako banaketa zehaztu...
Printzipioz, 22.000 euro gastatuko dituzte eraikinaren irisgarritasuna hobetzeko eta barrutik egokitzeko. Horrez gain, Zubiko Etxeko parkearen inguruak urbanizatzeko eta erreformatzeko ere 280.000 euro gastatuko dituzte.
Gainera, 2016-2017 Foru Plana dela eta, Jose Matía-Zubiko Kurajo kaleetako saneamendu eta urbanizazio lanak erdietsiko dituzte eta aurten 594.000 euroko inbertsioa beteko dute.
3.280.000 euroko inbertsioak
2016ko aurrekontua 23.325.939 eurokoa da eta 3.280.000 euroko inbertsioa egikaritu nahi dute EAJ eta EH Bilduk. Aurrekoaz gain, horrela banatu nahi dute diru kopuru hori:
- Ellakuriko futbol zelaian belar artifiziala jartzea: 600.000 euro
- Ugarteko errepidea asfaltatzea: 380.000 euro
- Enplegua sustatzeko planak: 290.000 euro
- Irisgarritasun plana Arrañon: 200.000 euro
- Padel pistak eraikitzea Gardean: 185.000
- Ermualdeko apaiz etxeko lanak: 140.000 euro
- Landa bideak konpontzea Lekandazar eta Larragibelen: 66.000 euro
- Umeen parkeen estaldura: 60.000 euro
- Umeen parkeen zorua konpontzea: 45.000 euro
- Argiak aldatzea, Nerbioi kaletik Virgen del Carmen kalera: 60.000 euro
- Auzolana Arrañoko Gazteluan: 40.000 euro
- Auzolana Gardeako baselizan: 15.000 euro
- Ikastetxeetako konponketak: 64.000 euro
- Nagusien egoitzak: 50.200
- Kirol azpiegiturak: 70.000 euro
Kultur taldeen diru-laguntzak %15ean igoko dituzte
Beste arlo batzuetara ere diru gehiago bideratuko du Laudioko udalak. Adibidez, %15ean igoko zaie diru-laguntza kultur eta kirol taldeei eta gastu sozialean ere kopurua handituko dute.
Nagusien egoitza ohia
EH Bilduk eta EAJk nagusien egoitza ohia erabilera kulturala izan dezan 170.000 euro erabiliko ditu. Hala ere, Foru Planak bere irizpidea aldatzea eta egitasmoa babestu dezan espero dute, horretarako helegitea jarri baitzuen udalak.
Akordio historikoa
Bi alderdiek akordioa historikotzat jo dute. Euren ustez, eztabaida politikoa alde batera uzteko eta Laudioko proiektu estrategikoak bermatzeko garaia da.
Zentzu horretan, biek nabarmendu dute akordioak ez duela balioko bakarrik aurtengo aurrekontuak onartzeko, baizik eta etorkizunean Antzokia eta beste egitasmo batzuk indartzeko. Horrela, koalizioko kideek eta jeltzaleek apurtu nahi dute orain arteko joerarekin herriak aurrera egin dezan.
EAJk eta EH Bilduk adierazi dute espero dutela gainerako taldeen babesa jasotzea.