Laudioko Udalak aisialdi, kirola eta kultura eremuko elkarte zein gizarte eragileen artean euskararen erabilpena bultzatzeko neurri zehatzak proposatuko duen plana abiatuko du. Izan ere merkatari, ostalari eta enpresa txikietako eremuan garatzen ari den planak izandako emaitza baloratuta, era paraleloan estrategia berbera zabalduko du herriko elkarteen artean.
Umeak eta gazteak ardatz
Udalak herriko talde guztiei luzatuko die gonbidapena planean parte har dezaten eta ume eta gazteekin lanean ari diren taldeengana heltzeko ahalegin berezia egingo du.
Planean parte hartuko duten taldeetatik berrogeik egoera linguistikoaren diagnostikoa eta hobekuntza aukerak detektatu eta garatzeko plana eskuratuko dute eta hamar kasutan plan bereiziak idatziko dira duten potentzial guztia gara dezaten.
Aukeraketa hauetarako irizpideek elkartearen partaide kopurua, bertoko pertsonen adina eta elkartea beraren prestutasuna izango dute kontutan.
Aurkezpen batzar irekia
Egitasmoa apirilaren 26an Kultura Etxean 19:00etan herriko talde guztientzat deitu den batzar irekian aurkeztuko dute. Bilera horretan 2016 urterako diru-laguntza oinarriak ere aurreratuko dira amaieran eskari eta galderetako txanda eskainiko delarik.