“Lana bilatzea errazagoa delako eta lan-baldintzak hobeagoak direlako jo nuen atzerrira”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko api. 17a, 22:29

JOSEBA DIAZ DE ZUMENTO laudioarra Erresuma Batuan dago bizitzen. Bere ikasketekin erlazionatutako lan baten bila joan zen bertara.

Elkarrizketa hau atzerrira lanera edo lan bila joan diren aiaraldearrei buruzko serie baten parte da. Serieko beste elkarrizketak ikusteko egin klik hemen.

Zer izan zen atzerrira lan bila joatera motibatu zintuena? Nola amaitu zenuen Erresuma Batuan?

JOSEBA DIAZ DE ZUMENTO laudioarra Erresuma Batuan dago bizitzen. Bere ikasketekin erlazionatutako lan baten bila joan zen bertara.

Elkarrizketa hau atzerrira lanera edo lan bila joan diren aiaraldearrei buruzko serie baten parte da. Serieko beste elkarrizketak ikusteko egin klik hemen.

Zer izan zen atzerrira lan bila joatera motibatu zintuena? Nola amaitu zenuen Erresuma Batuan?

Atzerrira lan bila joan nintzen kanpoan lana bilatzea errazagoa delako, langabezi tasa txikiagoa delako eta egoera ekonomikoa eta lan baldintzak hobeagoak direlako. Hortaz gain, atzerrian handiagoa da enpresen arteko lehiakortasuna, teknologian eta giza baliabideetan inbertsio handiagoak egiten dituztelako eta profesionalki aurrerapausoak emateko aukera handiak daudelako horrela.

“Erresuma Batura etortzea erabaki nuen aurretik ere hemen egona nintzelako eta lekua gustuko nuelako”

 

Oso herrialde dinamikoa da, zeinetan oso kultura ezberdinak dauden elkarbizitzen eta zeinetan gazteria asko dagoen. Hizkuntzaren afera erabakigarria izan zen baita: nire ingeles ezagutzak hemen lan egitea ahalbidetzen dit, baina ez dut frantsesa edota alemana bezalako hizkuntzarik ezagutzen. Horregatik, lehen momentutik batertu nuen Frantzia edota Alemaniara joatearen aukera.

Lanean zabiltza orain, baina lan bila jarraitzen duzu. Zergatik?

 

“Zerbitzu sektoreko edota kualifikazio baxuko lan bat topatzea erlatiboki erraza da hemen”

 

Ingeles maila ertain bat baduzu eta gogoak jartzen badituzu lana bilatzerako orduan, bizitzeko haina diru emango dizun lan bat topatu dezakezu aste gutxitan. Hasteko modu on bat da hori, lan munduak nola funtzionatzen duen ikusteko eta ingelesa praktikan jartzeko aukera ematen dizulako.

Badago bertako gobernuaren partetik bertara joandako pertsonentzako laguntzarik?
Ez dakit Eusko Jaurlaritzaren partetik beste herrialdeetara lan bila doazen pertsonentzako laguntzarik dagoen edo ez.

“Erresuma Batuan 'benefits' izeneko laguntza eskatzeko aukera dago. Etxebizitza eta udal zergen gastuak ordaintzera bideratutako laguntza bat da eta herrialdean hiru hilabete daramatzazunean eskatu daiteke, oker ez banago”

 

Edozein kasutan, aurrera jarraitzen laguntzen dizun laguntza bat den arren, ez du inondik inora balio epe luze batez bizirauteko.

 

Badaude beste laguntza batzuk, familia, seme alabak edo ez-gaitasunen bat baldin baduzu ematen dizkizutenak. Nik orain arte ez dut inolako laguntzarik eskatu.

 

Laudio faltan botatzen duzu? Baduzu itzultzeko asmorik?

Faltan botatzen dira familia eta lagunak.

 

“Lagun asko nire egoera berdinean daude eta atzerrira jo behar izan dute euren alorreko lan bat topatzeko”

 

Aukera dudan bakoitzean itzultzea gustatzen zait, herrian egun batzuk igarotzeko eta senide eta adiskideekin biltzeko. Baina momentuz ez dut Laudiora modu iraunkor batean geratzeko itzultzeko asmorik, lan aurreikuspenak gaur egun ez direlako asko. Etorkizun batean Euskal Herrira itzultzea gustatuko litzaidake, egoerak nire sektorean lan egitea ahalbidetuko balidake.

Hortaz gain, gustatuko litzaidake datozen urteetan ikerkuntza, berrikuntza eta garapenerako baliabide gehiago sustatzea, hezkuntza zetro zein enpresetan, gure seme-alabek prestakuntza egoki bat izan dezaten eta beste edozein gazte europar bezain lehiakorrak izan daitezen, horrela tokiko lan-merkatuan sartzeko aukera izateko, lan-aukerak atzerrian bilatzera derrigortuak egon gabe.

Nolakoa da atzerrian lan egitea?

Lehen aipatu dudan bezala, ezberdintasun nagusia bada beste herrialde batzuetan soldatak orokorrean handiagoak direla eta lana errazago topatzen dela.

Lanek, gainera, ordutegi finkoagoak izan ohi dituzte eta lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko kontziliazioa errazagoa izaten da horrela.

 

“Badaude desabantailak ere: kaleratzeak libreak dira, eta horrek dakar inoiz ez egotea lanposturik erabat segurua dena”

 

Hala ere, lana galduz gero, ez duzu denbora asko behar izaten beste bat topatzeko. Hortaz gain, lan-munduan ugariak dira “0 orduko” lan kontratuak, zeintsuen bidez enpresak ez dizun lan ordurik bermatzen, baina ordu bat lan egiteko deitzen badizute ezin duzu ezetzik esan, bestela ez dutelako berriz zurekin kontatuko.

Titulua lortu berri duten Erresuma Batuko gazteen artean ez da ohikoa aurretiazko lan-esperientziarik ez izatea. Ikasle gehienek “placement” edo “internship” izeneko praktikak egin dituzte noizbait. Praktika horiek ordainduzkoak dira kasu askotan, eta aste bakan batzuetatik urtebetera arteko iraupena izan dezakete. Modu horretan, ikasleek lanaldi osoz egiten dute lan enpresan, karrera hasi baino lehen edo karrera egin bitartean. Hori dela eta, ikasketak bukatzen dituztenerako badute aurretiazko esperientzia bat, lana aurkitzerako orduan abantaila nabarmena ematen diena.

Euskal Herrian, berriz, beken eta hezkuntza elkarlaneko hitzarmenen bidezkoa da lan munduan sartu eta zure ikasketekin erlazionatutako sektorean esperientzia apur bat lortzeko modurik ohikoena. Kasurik gehienetan, gainera, ez da inolako prestazio ekonomikorik jasotzen.

Horri gehitu behar zaio enpresa gehienen egoera une honetan ez dela ona, ez dute jendea kontratatzeko beharrizan errealik. Ekonomizatzea eta produkzioa eta langilerian murrizketak egitea dute buruan. Horregatik, gazteak askotan beka batetik bestera egiten dute salto, betirako bekario izango direnaren sentsazioa emanez.

Badaude gazte tituludenantzako aukera gehiago eskaintzen dituzten sektoreak, informatikarena edo telekomunikazioena kasu, baina lan baldintzak ez dira dira oso onak izaten, ordu extra asko egiten direlako, askotan ordaindu gabe geratzen direnak, eta soldatak baxuak dira beste herrialde batzuetakoekin alderatuta.

 

“Nire kasuan Erresuma Batura etorri nintzen profesional gisa hazi nahi nuelako, nik ikasitako alorrean”

 

Euskal Herrian dagoen egoera dela eta ez nuen horretarako aukerarik ikusten bertan. Momentuz gustura sentitzen naiz herrialde honetan, esperientzia interesgarri bat da, gauza asko ikasteko aukera ematen dizuna, lan eremuan zein eremu pertsonalean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide