Laudioko Udalak 25.000 euro inbertituko ditu Merkataritza-plan estrategikoan. Oraindik esleipena egin behar dute, baina erakundeak adierazi du 6 hilabateko epea izango duela kontratatuko duten enpresak plana egiteko.
Plan estrategikoak zenbait ardatz izango du, PERCO mahaiarekin adostu baitute. Hasteko, herrigunea eta merkataritza kudeatzeko modu berriak aztertu nahi dituzte.
Zentzu horretan, esparru publiko eta pribatuaren arteko elkarlana lantzeko asmoa daukate, edo horretarako aukerak aztertu, gutxienez.
Erroldak eta identifikazioak
Herriko kontsumitzaileen, kanpoko langileen eta bisitarien nahiak zein beharrak identifikatuko dituzte, herriak daukan potentzialitatea zehazteko. Hori ez ezik, hutsik dauden lokalen errolda osatuko dute. Azpiegitura publikoak eta ikastetxeak ere aintzat hartuko dituzte. Hori guztia HAPO berria gauzatzeko erabili nahi dute.
Horrela, zer negozio mota sortu eta non kokatu daitezkeen definitzeko urratsak emango dituzte. Merkataritza-plan estrategikoa ordaintzeko Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntza dauka udalak.