ESTI URRESOLA eta ANE URIARTE (Laudio, 1984) hilerokoari buruzko tailer bat eskainiko dute datorren igandean (apirilak 10) Laudioko Kultur Etxean.
Hilerokoari buruzko tailer bat eskainiko duzue igande honetan Laudion. Nondik dator horrelako tailer bat egitearen ideia?
Urresola: “Hilerokoaren zikloa eta mugimendu kontzientea” da tailerrari jarri diogun izena. Nik duela zenbait urte ekin nion hilerokoaren zikloa ikertzeari. Nire buruari begirako gauza bat izan zen, baina hain zoragarria suertatu zitzaidan ezen filma labur baten bitartez gai horren inguruan mintzatzea erabaki nuen, Bartzelonara zinema master bat egitera joan nintzenean. “Adri” izena jarri genion filmari, eta hilerokoaren gaia jorratu genuen bertan.
Orduz geroztik, filma proiektatzera joan naizenean hainbat gauza sumatu izan ditut. Alde batetik, nabaritu izan dut emakumeek euren esperientziak konpartitzeko sekulako gogoak izan dituztela, oso identifikatuak sentitu direlako pelikulan kontatzen denarekin. Baina bestetik sumatu dut baita, grina hori izanda ere, asko kostatzen zitzaigula leku publiko batean horrelako gai bati buruz hitz egitea.
“Emakumeak soilik ez, gizonezkoak ere urduri jartzen ziren eztabaida sortzen zenean. Horrek guzti horrek erakutsi zidan bazegoela zer landu, tabuak oraindik badaudela”
Denborak aurrera egin ahala koaderno bat diseinatu nuen, ilargi-diagrama egiteko. Proiektua handitzen joan zen, eta ikusi genuen geneukan material guztiarekin gorputza lantzea izango litzatekeela teoria eta esperientzia uztartzeko biderik zuzenena. Gauzak hala, Ane eta bion bideak batuaz sortu zen tailerra.
Behin bien bideak batuta, nola garatu zenuten tailerra?
Uriarte: Ikusi genuen ez zirela soilik gorputzaren mugimenduak kontuan eduki behar, mugimendu emozionalak ere tratatu behar zirela. Gaur egun badaude yoga edo pilates bezalako diziplinak, norberaren burua hobeto ezagutzeko balio dutenak, eta iruditzen zitzaigun gai hau ere modu integralean landu beharra zegoela, alor teorikoa esperientziara eramanaz.
Urresola: Tailerra egiteko detektatzen genuen beste motiboetako bat bazen guk eskolan ez duguna inolako hezkuntza menstrualik jaso, eskoletako liburuetan ikusitakoa kenduta. Liburu horietan atal fisiologia azaltzen da, disekzionatua eta gorputzarekiko banatua, erabat errekonozitu ezina.
Horrek eraman gaitu gure hilerokoarekin dugun harremana modu despertsonalizatu batean bizitzera. Eta orain gure ardura da gure alaba, iloba edo lagunen alabak prozesu horretan ondo laguntzen asmatzea. Gure buruak horretarako gaitu behar ditugu.
“Horretarako behar dira emakumeak biltzeko espazioak, gure gorputzak berreskuratu eta hilerokoa aztertu, ezagutu eta birdefinitzeko, liburuetako definizioetatik at”
Desinformazioa borrokatzea ere bada helburuetako bat. “Hilerokoaren zikloa” kontzeptua ere ez dugu askotan erabiltzen.
“Hilerokoari buruz hitz egiten dugu soilik, baina hilerokoa ziklo osoaren laupabost egun baino ez ditu betetzen”
Zer gertatzen da gainontzeko egunetan zehar gure gorputzean? Zer hormona ari dira funtzionatzen? Badaude bi momentu garrantzitsu eta zehatz: menstruazioa eta obulazioa. Horien artean lau fase ezartzen dira. Pedagogia honetara iritsi arte ni neu ere ez nintzen horretaz kontziente. Ez nekien nire gorputza horren ziklikoa zenik. Emakumeoi askotan esan izan digute “desorekatuak” garela, baina ilargi-diagramaren bitartez eta horrelako espazioen bitartez nik uste dut argi ikusten dugula ez garela desorekatuak, ziklikoak baizik. Irudi hori apurtzeak segurtasuna ematen digula uste dut.
Adin edo perfil konkretu bateko emakumeei zuzendutako tailerra izango da?
Uriarte: 14-50 urte bitarteko emakumeei zuzendua dago. Hau da, hilerokoa duten emakumeei. Izan daiteke pertsona bat adin tarte horretan egotea eta arazoren batengatik hilerokoa ez izatea. Badira hilerokoa gazteago izaten hasten diren neskak, baina udalarekin hitz eginda adin-tarte hori zehaztea erabaki genuen.
Urresola: Badira Rokitansky sindromea duten emakumeak, adibidez. Horiei uteroa edo baginaren zati bat falta zaie, eta hori dela eta ez dute odol jariorik. Baina kasu horietan obarioek normal funtzionatzen dute, eta hormonen dantza hau berdin-berdin sorrarazten dute. Ezagutu ditut sindrome hori pairatzen duten emakumeak eta ilargi-diagrama oso baliagarria izan da heuretzat, euren zikloak nola funtzionatzen duen jakiteko; ez baitute ziklo menstrualaren hasiera markatzen duen eta gainontzeko emakumeok dugun bandera gorri hori. Baina badute hilerokoaren zikloa, eta beraz ongi-etorriak izango lirateke gure tailerrean.
“Polita izango litzateke tailerrean 14 urteko zein 50 urteko emakumeak biltzea. Belaunaldien artean ezberdintasunak atzematea gakoa da mito eta ez-ezagutza guztiak borrokatzeko”
Zer gehiago egin ahalko litzateke mito eta ez-ezagutza horiei aurre egiteari begira?
Uriarte: Eskolatik landu behar den gauza bat da, gauza guztiak bezala. Familian ere landu behar da, txikitatik; eta ez bakarrik emakumeei begira. Gizonek gaiari buruz entzutea ere ondo legoke, alabei laguntzeko, adibidez.
Txikitatik ulertu izan bagenitu zikloko mugimenduak, produktibitatean dauden aldaketak... hori agian gehiago errespetatuko lirateke zenbait espazio. “Zer gertatzen zaio? Ezer ez, hilerokoa dauka” eta antzeko komentarioek gaixorik gaudenaren sentsazioa eman dezakete.
Urresola: Eta agian horiek dira egunak zeintzuetan gure barnearekin kontaktu gehien mantentzen dugun, eta askotan gu gara gertatzen zaiguna ukatzen dugunak. “Ez iezadazu kasurik egin, 'egun horietan' nago”. Horrelako jarrerekin gure burua ukatu baino ez dugu egiten, benetan sentitzen ari garen horri bizkarra emanez.
Uriarte: Fase bakoitzak joera bat dauka. Badaude fase espresiboa, fase dinamikoa, sormenezko fasea eta barrura begirakoa.
Urresola: Hilerokoa duzunean ziklo berri bat hasten da. Barrua begirako fasea dator lehenbizi, bost egun inguru irauten dituena. Estrogenoak isurtzen hasten gara gero, eta horrek aktibitate intentsu batera garamatza: fase dinamikoa. Oso kapazak gara, adibidez, lan latz edo konplexuak egiteko, kulturalki maskulinoak kontsideratzen direnak.
Obulaziora gerturatzen garen heinean fase espresiboa etorriko litzateke, oso alai eta soziala. Eta gero etorriko litzateke azkena: sormenezkoa.
Emakume guztietan ematen dira fase horiek?
Urresola: Aldatu egiten da emakume batetik bestera. Nik ez ditut horren erregularrak. Baliteke ziklo bat 24 egunekoa izatea eta hurrengoa 30 egunekoa. Obulazioak markatzen du hori.
Uriarte: Fase bakoitzak arketipo bat dauka, baina emakume bakoitzak bere moduan bizitzen du. Emakume bakoitzak bere tresnak ditu fase bakoitza bizitzeko. Izaeraren eta esentziaren araberakoa da hori.
Urresola: Etiketez ere nazkatuak gaude, eta ulertzen dugu faseen araberako horrelako klasifikazioak egitea beste etiketa batzuk ezartzearekin nahastu daitekeela. Baina abiapuntu batzuk baino ez dira. Emakume bakoitzak bere berezitasunei begiratzea eta elkarren arteko puntu komunak bilatzea da nahi duguna.
Uriarte: Tailerraren helburua bada fase horiek modu teorikoan ezagutzeaz gain norberaren prozesua ere ezagutzea, eta horren aldeko tresnak lortzea. Barrura begirako fasean bazaude eta horrek produktibitate gutxiago izatea eragiten badizu agian aukera egokia izan daiteke deskantsurako tarteak sortzea, adibidez. Horri gehitu behar zaio gizarteak ez diola ez arretarik ez eta gozamenik eskaini gorputzari, eta are gutxiago emakumeei.
Urresola: Horregatik, gozamenezko tarte bat izatea ere nahi dugu. Plazerez bizitzeko hilerokoaren zikloa. Hilerokoa etsai kontsideratu ordez, bere eraginez nola funtzionatzen dugun ikusi eta horren alde eginez.
“Gure asmoa ez soilik informazioa partekatzea. Elkartrukerako espazio intimo bat sortu nahi dugu, gozamenetik”
Horretarako musika, erritmoa, interakzioa eta sormena baliatuko ditugu. Barre egingo dugu talde dinamikak landuaz, baina egongo dira baita banakako dinamika batzuk ere, intimoagoak.
Tailerra egiten duzuen lehenbiziko aldia izango da igandekoa. Baduzue beste okasioren batean errepikatzeko edo bestelako ekimenik aurre ateratzeko asmorik?
Urresola: Ikusmirak baditugu. Orain dinamikak fintzen ari gara tailerrari begira. Ilargi-diagrama ere prestatu dugu, eta tailerreko informazioaren laburpen bat ere, tailerrean banatzeko.
“Gustatuko litzaiguke proiektu hau eskoletatik zabaltzea. Kasu horretan adinera egokitu beharko genuke, eta material egokituak sortu”
Uriarte: Badugu tailerra beste herri batean egiteko asmoa. Baina apurka apurka joango gara.